Durango Kid!!!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2021ko uzt. 11a, 18:08

Sepp Kuss, helmugara iristen. (Team Jumbo Visma)

Sepp Kussek erakustaldia eman du Andorran, eta etapa irabazi, maila handiko ihesaldia harrapatuta; oilarren artean eraso asko, baina aldaketa gutxi.

Bizpahiru urte atzera aho bete hortz utzi zituen Durangoko gazteak (Colorado, AEB). Utahko Tourrean aingeru baten pare igo zituen 2.500 metroko mendiak, aldapa tenteak, aurkariak txikituz. Bigarren mailako probak dira horiek, eta ikuskizun Europara etortzen zenean zer maila eman zezakeen Kuss gazteak. Ba bikaina. Bere liderrentzat lana ondo egiteaz gain, Vueltan eta Tourrean etapa bana irabazteko gai izan baita. Andorrakoa oso ona, eta txirrindulari onenen eskura dagoen erakustaldia emanda: ihesaldi ona hartu, iraun, eta jo behar zenean jo, bakarrik helmugaratzeko. Artista mutikoa! Ez da bere azkenekoa izango!

Oilarren artean... Bai, baina ez. Mugimendu eta eraso asko, baina denak antzuak. Ineos saiatu delako Carapazentzat, baina alferrik. Vingegaard ere mugitu da, baina alferrik. Pogacar ondo dagoelako eta ez duelako barkatzen. Mont Ventouxeko ezinaren arrastorik ez, eta egongo den itxurarik ere ez. Podiumeko bi koska daude jokoan. Lehenengoa ez.

Hiru etapa geratzen dira Pirinioetan. Bihar atsedena. Besteetan ikusiko da, baina Pogacar nekez belaunikaraziko dute!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide