Mont Ventouxeko txakalaldia atrezzoa izan zen, antzerkia. Bestelakoan ez baita normala Pogacar ondorengo etapetan ematen ari den ziurtasuna, indar erakustaldia. Erlojupekoa irabazita ere, etapa bat irabazi nahi zuela aitortu zuen esloveniarrak, eta zein hobea gaurkoa baino. Tourreko etapa gaiztoena, politena. Modu harrigarrian zaindu, neurtu ditu aurkari denak liderrak. Berak egin eta desegin du, nahierara, eta uneoro nahi zuen modu eta unean alboan zituen aurkariak menderatuko zituela erakutsi du. Formolo, McNulty eta Majka morroiak erabili ditu oilarren tropela txikitzeko, jendea muga-mugan eramateko, eta zortzi kilometrora jo du kolpea, Majkak 200 metro bizi-bizi egin eta gero. Vingegaardek eta Carapazek bakarrik eutsi diote.
Aurpegia eman du azken ordu erdian, txanda luzeenak, Vingegaardi erreleboak emateko eskatu eta utzi. Carapazi ere eskatu dizkio, baina ekuadrotarrak ezin izan du, edo ez du nahi izan erreleborik eman. Ineos taldekoaren jarrera horrek Pogacar beraren mesfidantza eragin du, eta bere susmoak benetakoak ziren, Carapazek kilometro pasatxora jo baitu. Vingegaard geratu da, baina Pogacarrek eutsi dio. Carapazi utzi dio tiratzeko ardura, orduan, eta azken 100 metroetan hanka batekin menderatu du Carchiko lokomotora. Vingegaardek berak ere aurrea hartu dio Carapazi. Hirukote horrek osatuko du Parisko podiuma, ezuste handiren bat gertatu ezean, eta merezita, hiru ziklista indartsuenak izan baitira. Pogacar, Vingegaard eta Carapaz, ordena horretan.
Etapako lehen bi herenak etsigarri samarrak izan dira, maila apaleko ihesaldi bat sortu delako, txirrindulari indartsuagoak, igotzaileagoak sartzea espero zenean. 120 kilometroko ordekak, baina, igotzaile askoren kemena apaldu du. Anthony Perez tolosarrak iraun du gehien, helmugatik zortzi kilometrora. Nabarmentzeko modukoa Pello Bilbaoren jarduna, ausart, erasoa joz bederatzi kilometrora. Ondoren Esloveniako zirimolaren haizetea pasatu zaio albotik, baina ederki iraun du zazpigarren postuan helmugaratzeko, 1:44ra. Gernikarra 10. postuan da nagusian, baina aurretik dituen Martin, Lutsenko eta Mas ahulxeago dabilzta, eta biharko etapan posturen bat aurreratzen saiatu behar luke bizkaitarrak. Galtzaileen artean Rigo Uran, podiuma asko zaildu zaiolako, eta Enric Mas, gaur ere atzera, eta oso garaiz, gainetik 12 kilometrora geratu baita onenen multzotik.
Bihar 18. etapa jokatuko da, Pirinioetako azkena. Pauen hasiko da, abiapuntu klasikoetan klasikoena, eta 130 kilometro eskas osatuta Luz Ardiden gainean bukatuko da, euskaldunon gailur mitikoa! Aurrez beste mendate mitiko bat gainditu beharko dute, ziur aski Tourreko mendate ezagunena: Tourmalet. Biharkoak argiagoa dirudi ihesaldirako, motz-motza delako, kontrolatzeko zaila. Euskaldunen baten eguna izango ote da? Fraile, Ion Izagirre, Pello Bilbao, De la Parte... ez dira urruti ibiliko!!!