Hilaren 21etik aurrera izango da Kirol Patronatuaren datorren ikasturteko jardueretan izena emateko aukera

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 16a, 15:00

Irailean hasiko dira ikastaro berriak, eta urtero bezala askotariko aukerak eskainiko dituzte. Hilaren 21etik aurrera irekiko dute ikastaroetan izena emateko aukera, igerilekuko harreran.

Azpeitiko Kirol Patronatuak dagoeneko prest du 2021/2022 ikasturterako kirol jardueren eskaintza, eta urtero moduan, askotariko aukerak eskainiko dituzte adin guztietako herritarrentzat. Ikastaroak irailean hasiko badira ere, uztailaren 21ean, asteazkena, irekiko da izen-ematea. Ohiko moduan, igerilekuko harreran eman beharko da izena, eta informazio gehiago behar duenak 943-81 41 21 telefonora deitu edo igerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua bidal dezake.

Askotariko ikastaroak izango dira datorren ikasturtean; ikastaro multzoen artean, haurrei eta gazteei bideratutako lehorreko jarduerak, gorputzaren oreka lortzekoak, gorputza aktibatzekoak, intentsitate altuko jarduerak, eta urpean egitekoak izango dira. Besteak beste, honako ikastaroak egongo dira eskuragarri: pilates, TRX, zumba, total training, igeriketa teknifikazioa, cycling eta mantentze gimnasia. Ohi bezala, abonatuek saioengatik ordaindu beharreko prezioa merkeagoa izango da

Honako lotura honetan ikus daiteke ikastaroen eskaintza eta informazio osoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide