Matej Motorric!!!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2021ko uzt. 16a, 18:08

Matej Mohoric.

Esloveniarrak bere bigarren etapa irabazi du, eta berriro erakustaldia emanda, maila handiko ihesaldian bakarrik helmugaratuta. Deceuninckek kontrol lanari uko egin dio, eta horrek sekulako eraso zaparrada sortu du tropelean; ihesaldia egin ondoren, 20 minutuko atzerapenarekin iritsi da tropela helmugara.

Serhii Hontxar izeneko txirrindulari bat bazen, mendeko lehen hamarkadan. Ukrainarra. Garapen luzeak ibili zalea zen, eta bizikleta gainean jarrera behartua eramaten zuen, sekulako tranka mugituz. Tranka plater handia eta pinoi txikiak aise mugitzeko indarrari esaten zaio. Postura behartuak aurreratzen den metro kopuru handian du kontrapuntua, ikaragarri egiten baita aurrera pedal kolpe bakoitzean. Ba halakoa da Mohoric, tranka zalea, hanka zuztarretan motorra duena, Matej Motorric!!!

Eguneko ihesaldian sartu da aurrena, sei lagunekoa. Bidea egingo zuela zirudienean zalaparta sortu da tropelean, Deceuninckek ez duelako kontrol lanik egin nahi izan, eta hamalau lagun etorri dira atzetik, bat egiteko. Txirrindulari on asko tartean: Politt, Stuyven, Laporte, Teunissen, Ballerini, Van Moer, Ion Izagirre... Sokatira handia mantendu dute tropelarekin 20-30 kilometrotan, baina azkenean baimena lortu eta minutu parrastada lortu dute, etapa lasai bilatzeko. Kuriosoa izan da ihesaldi on hori osatzeko gertatutako pasadizo bat, tartean zegoen multzoko 20 lagunetik sei geratu baitira atzean, eta horietatik hiru Movistar taldeak aurrean zituen hiru kideak. Ez dira bakar bat aurrean sartzeko gai izan, edo asmatu. Tropelera itzuli eta aurreko taldeak bidea egin duela ikusi dutenean gozoa jarriko zen kirol zuzendaria.

Iritsi da etapa irabazteko borroka, eta denak Nils Politti begira, multzoko indartsuena baitzen, eta dagoeneko etapa bat irabazitakoa. Mohoric ere etapa garailea da, baina akaso zainduenetakoa ez, eta Polittek aldapatxo batean jotako erasoa baliatu du hanka egiteko. Eutsi dio alemaniarrari, eta justu aldapa bukatuta pinoi pare bat jaitsi eta egurrean hasi da, aurkariak bihotza lehertzear izango zirela jakitun. Kosta zaio metroak hartzea hasieran, Laporte saiatu da bere gurpilera itsasten, baina behin 100 metroko zuloa ireki duenean, agur. 10, 15, 20, 25 segundo... eta atzean mokoka, zuk tira, nik begira, egon hadi lo eta jango dek mehe... Minutu bateko tartearekin helmugaratu da esloveniarra, eta lasai ospatu garaipena. Bahrein taldeko hotelean miaketa egin zutenei, eta bere taldearen jarduna kritikatu dutenei ere bidali die mezu argia, isiltzeko eskatuz.

Bihar 33 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Libournen. Ikuskizun Pogacar liderra etapa irabazteko asmoz abiatuko ote den, hala bada berea baita garaipena. Van Aert, Berg, Bisseger eta beste dira beste hautagai batzuk. Pello Bilbao nagusiko zortzigarren postura igotzen saiatuko da, Guillaume Martin 1,02ra baitauka!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide