Nomadak gaitun! azoka ibiltaria jarri du martxan Dinagu Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboak, eta gaur egin du lehen geldialdia Azpeitian. Azoka Plazan jarri dituzte postuak, eta jende ugari ibili da azokan, goizetik arratsaldera bitartean. Bitxigintzan, modan, dekorazioan zein ilustrazioan aritzen diren Euskal Herriko hainbat txokotako hogei emakume sortzailearen produktuak izan dira eskuragarri.
Azokara hurbildu direnek arropa, bitxiak eta era askotako apaingarriak erosteko aukera ez ezik, jan-edanerako aukera ere izan dute. Izan ere, azokak iraun duen bitartean, hainbat emakume baserritarrek Elikaguneko sukaldean prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan da. Arratsaldean eman diote amaiera azoka ibiltariari, eta antolatzaileak gustura agertu dira egitasmoan izan duen harrerarekin.
Dagoeneko hasi dira hurrengo azoka prestatzen, baina ez dute xehetasunik aurreratu; izan ere, Dinaguk mimoz egin nahi du lan, saturatu gabe, eta horrelako egitasmo batek eskatzen duen denbora eskainiz.