Gipuzkoa zeharkatzen ari da Ibilian-ibilian, etxerako bidean leloa eskualdera iritsiko da gaur, eta Sarek martxan jarri duen egitasmo horren bueltako hainbat ekitaldi izango dira datozen bi asteetan. Besteak beste, solasaldiak, manifestazioa zein bizikleta irteera egingo dituzte eskualdeko herrietan; Azpeitian manifestazioa izango da ostiralean, 19:00etan, plazatik abiatuta.
Prestatu dituzten ekitaldien berri emateko, Urola Kostako Sareko kideek agerraldia egin zuten herenegun Getarian, eta besteak beste, han izan ziren Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow preso azpeitiarren senideak, eta haiek azaldu zutenez, martxan jarri duten egitasmoa "berezia" da beraientzat, urteetan jasan duten "urruntze politika krudelarekin amaitzen" hasiak direlako. Antolatzaileek egunotarako prestatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Haiek azaldu dutenez, ekitaldi horiekin bultzada eman nahi diote euskal presoek, iheslariek eta deportatuek "etxerako prozesua urratsez urrats" egin dezaten. "Antton, Ekaitz, Gregorio, Gotzon eta Pow etxera bidean jarri nahi ditugu, Euskal Herrira ekarriz, graduen progresioa ahalbidetuz eta hiru laurdenak bete dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna egi bilakatuz". Horretarako, herritarrok aktibo jarraitu behar dugu, bidea eginez, urratsak emanez, aldarria kalean mantenduz".