Zubillaga hirugarren eta Tena laugarren, 18 urtez azpikoen Espainiako Atletismo Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 27a, 09:16

Xeyeko Pedro Muñoz, Nora Zubillaga eta Naiara Tena Huelvan, txapelketa bukatuta. (Utzitakoa)

800 metroko lasterketan lortu zuen brontzea Nora Zubillagak, eta Naiara Tena podiumaren atarian gelditu zen 400 metroetan Huelvan (Andaluzia, Espainia). Xeye atletismo taldekoak dira biak.

Emaitza bikainak lortu dituzte 18 urtez azpikoen Espainiako Atletismo Txapelketan parte hartu duten bi atleta azpeitiarrek. Huelvan (Andaluzia, Espainia) jokatu da txapelketa joan den asteburuan, eta bertan lehiatu diren 11 gipuzkoarren artean emaitza onentsuenak lortu dituztenak dira Xeye atletismo taldeko biak: Nora Zubillagak (Azpeitia, 2004) brontzezko domina irabazi zuen 800 metroko lasterketan, eta laugarren postuan sailkatu zen 400 metroko finalean Naiara Tena (Azpeitia, 2004). Lortutakoarekin "gustura" daude 17 urteko bi azpeitiarrak, eta badute horrela egoteko motiborik.

Zubillagak ginga ederra jarri dio atletismoko bere lehen sasoiari. Izan ere, duela urtebete hasi zen atletismoa egiten, iazko uztailean; eta, gainera, futbolean ibili da aldi berean duela aste gutxira arte, Eibarren hirugarren taldean. "Banekien ondo prestatuta nengoela, ondo iritsiko nintzela txapelketara eta aukerak banituela. Podiumean sartzeko itxaropena ere banuen, baina, noski, gero egin egin behar da. Helburua beteta, gustura nago", dio atleta hasiberriak. Orain arte "futbolari lehentasuna" eman arren, asteburuko txapelketa baino lehen egina zuen atletismoaren hautua. "Ikusi dut atletismoarekin gozatzen ari nintzela, markak ere bide onetik zihoazela, eta erabaki dut futbola uztea eta atletismoa egiten jarraitzea". Donostian entrenatzen du Zubillagak; anaia Aitorren eskutik hasi zen aurreko udan han atletismoa probatzen, han du entrenatzailea, eta bertan jarraitzen du. Hain debora gutxian horrelako emaitzak ikusteak "motibazioa" ematen dio Zubillagari, eta "benetan horretara jarriz gero noraino ailegatu" daitekeen jakin nahi du.

Zubillagak ez bezala, Tenak "bizi osoa" darama atletismoa egiten, eta benetan "pozik" itzuli da Huelvatik, txapelketari begira zituen aurreikuspenak bete ez ezik, gainditu ere egin dituelako: "Lehiakideen maila eta markak ikusita, finalean sartzea zen nire benetako helburua. Beraz, oso gustura nago laugarren postuarekin. Korrika sentsaziio onak izan ditut txapelketan", kontatu du azpeitiarrak. Ekainean, Autonomia Erkidegoen Espainiako Txapelketan parte hartu zuen Tenak Euskadiko selekzioarekin –400 metroetan eta 4x400eko errelebo mistoan–, eta txapelketa hartan lortutako emaitzak hobetu ditu Huelvako hitzorduan. Xeyeren atleta gehientsuenek bezala, Tenak Azpeitian bertan entrenatzen du eta, beraz, ez dauka lan saioak egin ahal izateko atletismo pistarik. "Bidegorrian entrenatzen naiz, eta kiroldegian egiten ditut beste saio batzuk, futbol zelaian", dio, eta uste du "emaitza hobeak" lortzeko aukera izango lukeela azpiegitura egokiak eskura izanez gero.

Orain arteko lorpenik handiena erdietsita itzuli dira Huelvatik Zubillaga zein Tena. Denboraldiko azken txapelketa izan da bientzat joan den asteburukoa, eta atletismotik oporrak hartuko dituzte biek, oso luzeak izango ez diren arren. Datorren sasoiari begira, beren maila eta markak hobetzen jarraitzea da bien hasierako asmoa; eta horrekin lehiatzerakoan emaitzak iristen badira, hobeto.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide