Donostiako Klasikoak eragina izango du herriko trafikoan

Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 27a, 11:33

Larunbatean jokatuko dute Donostiako Klasikoa, eta 13:45 aldean Azpeititik igaroko da proba; Azkoititik iritsiko dira txirrindulariak eta Urrakirako bidea hartuko dute. GI-2634 errepidea itxi egingo dute partaideak igaro bitartean.

Datorren larunbatean, San Inazio egunez, jokatuko da txirrindularien Donostiako Klasikoa, eta lasterketak eragina izango du herriko trafikoan; izan ere, Azpeititik igaroko da proba.Txirrindulariak Azkoititik iritsiko dira Azpeitira, 13:45 aldean, eta Urrakirako bidea hartuko dute. Donostiako Klasikoa GI-2634 errepidetik igaroko da, eta, beraz, errepide hori itxi egingo dute antolatzaileek denbora tarte batez. Parte hartzaileak iritsi baino ordu laurden bat lehenago itxiko dute bidea, eta txirrindulari guztiak irekitzean zabalduko dute berriro.

Lasterketak sei mendate puntuagarri izango ditu, eta horietako bat da Azpeitiko Urraki –bigarren mailakoa–. Hain zuzen ere, probako bigarren mendatea izango da Urraki. Antolatzaileek aurreikusitakoaren arabera, 13:38 eta 13:49 aldean iritsiko dira lehen txirrindulariak Loiolara, eta 13:42 eta 13:54 artean izango dira Errezilerako nahiz Urrakirako bideak bereizten dituen biribilgunean. Urraki mendatearen gaina 13:53 eta 14:06 artean egitea espero dute antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide