Bigarren urtez jarraian ez da saninaziorik izango Azpeitian, baina urteroko usadioari jarraituz, San Inazio egunean nahiz San Inazio bigarrenean meza bana izango da. Uztailaren 31n Soreasuko Sebastian Donearen parrokian izango da eukaristia, 11:00etan hasita; abuztuaren 1ean, berriz, Loiolako Basilikan, ordu berean. Bi mezak Donostiako Elizbarrutiko Jose Ignacio Munilla gotzainak emango ditu.
Iaz ez bezala, aurten mezara joateko ez da gonbidapenik beharko, eta sarrera librea izango da. Halere, edukiera murriztua izango da bi aretoetan eta osasun zein segurtasun neurriak errespetatu beharko dira.