Gutuna

Gora saninazioak! Gora saniak!

Aitor Unanue 2021ko uzt. 27a, 15:28

San Inazio bezperan plazak zuen itxura, 2019an.

San Inazio jaiak bertan behera gelditu izanaren harira, honako gutun hau bidali du Aitor Unanuek.

Azpeitian herriko jaiak ez ospatzea osasuntsua ez izanik, inolaz ere ez da osasuntsua debekuaren inguruan eztabaidarik ez egotea. Horrek narama idaztera, herri batean adierazpen askatasunarekiko dugun jakintza mailaren, errespetuaren eta onespenaren seinale delakoan.

Harrotasunez hitz egin izan dugu gure herriko jaiez. Liburuak, eta ez txikiak, egin dira gure herriko jaiez. Azpeitiarrak ezagunak gara herritik kanpo gure jaiengatik, eta baditugu hainbat erreferente historiko ere, Azpeitia plaza handia izan denaren seinale direnak. 1936ko ekainean ospatu zen Euskal Herriko Nekazarien eguna, adibidez; egun osoko jai eguna, Berdura Plazan 900 lagunek bazkaldu zuteneko hura. 1979ko, 2000ko eta 2011ko Kilometroak; hamarnaka mila lagunen bilgune, Gipuzkoako herri gutxitan bezala.

Jaiak ospatzea herritarrak elkartzea da, hainbat ikus-entzunezko plazaratzeko unea, jolas egiteko unea, poza adierazteko unea, abestekoa, dantza egitekoa, eta hori guztia beharrezkoa dugu, osasun iturri eta arnasgunea da. Herri bati jaiak kentzea osasuna kentzea da.

Lan egiteko erak moldatu ditugunean, hara eta hona ibiltzeko moduak, elizkizunak ospatzekoak, ostalaritza abian jartzekoak, hezkuntza, osasungintza... Bizitzako hainbeste esparru moldatu eta aurrera egin dugun bezala, besterik gabe jaiak ospatzeko erakutsitako nagitasuna ulergaitza egiten zait, eta debekurako joera susmagarria. Ez dut ulertzen barrakarik ekarri ez izana, inguruko herrietan plaza bete barraka ikusten dugunean, edo suzko erroberak kendu izana, herrian ondo zabalduak ikusi ahal ditugunean; bien bitartean, sainazioetako elizkizun guztiak antolatu dira.

Eta historia errepasatu edo buruari eragiten badiogu, kontatzen ziguten nola joaten ziren guardia zibilak Txalintxoko erromeria debekatzera, Xoxoten ikusi genituen guardia zibilak bertako egunez, irakurri dugu Urbiako urriko erromeria ostean nola kargatu zuten Arantzazun 1975ean edo urte berean Iruñeko zezen plazan, edo urrunera joan gabe, Kilometroen inguruan agintariek erakutsitako ezinikusia herrian bertan, aurretik nahiz ondoren. Zer esanik ez 1936ko Euskal Nekazarien egunaz; egun hori betiko desagertu zen Azpeitian, estatu kolpea eta erregimen frankista tarteko.

Jaiekiko jazarpenak etengabeak izan dira herriko historian, eta aitzakia asko erabili da horretarako aldian-aldian: Espainiaren batasuna, arimaren garbitasuna, herritarren ordena eta abar. Liburu bat osa liteke.

Gaur, ordea, PCR izeneko testetan oinarrituriko pandemia da aitzakia. Froga horiek inoiz ez dira erabili medikuntzan diagnostikorako, ez dutelako balio horretarako, asmatu zituenak garbi esan zuen bezala, eta hori egunero ikusten ari gara gaixo 'asintomatikoekin'. Test horien emaitza zikloak igoz edo jaitsiz manipula daiteke. Hori horrela, badirudi Aizarnazabalen Wavegardenek erabiltzen duen teknika dagoela martxan, olatuak artifizialki sortzen direla.

Kontuak argitzen joateko, Lukashenko Bielorrusiako agintari gorenak garbi esan zuen COVID-19aren aitzakian murrizketak eta debekuak ezartzearen truke nolako dirutzak eskaini zizkion Nazioarteko Diru Funtsak. Izua hedatzea osasuntsua ez bada ere, batzuei oso errentagarria zaie.

Lan egin nahi duenari, jai egin nahi duenari bezala, errespetua zor zaio. Gure osasuna zaintzeko ez dugu agindurik, ez eta osasuntsua ez den neurririk behar ere, nire iritzian.

Jaiak ospatzeko, elkartzeko, dantza, jolas eta kanta egiteko eskubidea dugu. Beraz, debeku guztien gainetik, gora saniak! Gora saninazioak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide