Itzuli da lanera Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusia

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 28a, 15:07

Lagun Onaken talde nagusiko jokalariak atzo, denboraldi aurreko lehen entrenamendua hasi aurretik. (Lagun Onak)

Atzo egin zuen denboraldi aurreko lehen lan saioa Hirugarren Mailako taldeak. Momentuz, lau fitxaketa egin dituzte, eta etxeko beste lau jokalari lehen taldearekin ariko dira denboraldi aurrean. Liga hasi aurretik sei lagunarteko hitzordu ditu zehaztuta Lagun Onakek, eta guztiak etxean jokatuko ditu.

Espainiako Hirugarren Mailako 2021-2022 liga prestatzen hasi da Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusia. Iraileko lehen asteburuan hasiko da denboraldia, Pasaiaren zelaian jokatuko dute lehen neurketa azpeitiarrek, eta atzo egin zuen taldeak denboraldi aurreko lehen lan saioa Garmendipen.

Zortzi aurpegi berrirekin ekin dio lanari Lagun Onakek. Batetik, harrobiko lau jokalarik (Pedro, Denis, Eneko eta Unai) talde nagusiarekin ariko dira lanean denboraldi aurrean. Bestetik, lau jokalari berri fitxatu ditu klubak: Pablo del Pozo erdilaria, eta erdilari zein atzelari lanak egin ditzakeen Ander Zubillaga ekarri ditu Tolosatik; Manex Iradi aurrelaria, Hernanitik; eta Josu Ibarbia eskuin hegalekoa, Portugaletetik.

Sei lagunarteko

Liga hasiera prestatzeko, lagunarteko sei hitzordu zehaztuta ditu Hirugarren Mailako Lagun Onakek. Abuztuaren 7an Pasaiaren kontra jokatuko dute azpeitiarrek, denboraldiko lehen neurketan aurkari izango duten taldearen kontra, alegia. Abuztuaren 14an, berriz, azpeitiarrek, Reala C-k eta Anaitasunak hiruko torneoa jokatuko dute, Ugaitz Kerejeta zenaren omenez. Elgoibar (abuztuaren 18an), Aretxabaletako UDA (abuztuaren 21ean), Mutriku (abuztuaren 25ean) eta Vitoria (abuztuaren 28an) izango dira azpeitiarren gainerako aurkariak denboraldi aurreko partidetan.

Ordutegiak zehaztea falta da, baina lagunarteko guztiak etxean jokatuko ditu Lagun Onakek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide