Artxara kooperatibaren euskara plana jasoko du Euskalit erakundeak proiektu baterako

Julen Otaegi Leonet 2021ko uzt. 30a, 11:01

Euskalit kudeaketa aurreratuaren erakundeak abian jarri du proiektua hizkuntza kudeaketan praktika onak dituzten erakundeen zabalkunderako. Elikagunea kudeatzen du Artxara kooperatibak, eta taldearen euskara plana jasoko du Euskalitek webgune batean.

Euskalit kudeaketa aurreratuaren erakundeak Artxara kooperatiba hautatu du hizkuntza kudeaketan praktika onak dituzten erakundeentzako proiektu baterako. Helburua, hautatutako erakundeen zabalkundea lortzea da. Elikagunea kudeatzen du Artxara kooperatibak, eta euskararen normalizazioan egindako lana kontuan hartu du Euskalitek. Izan ere, kooperatibaren euskara plana jasoko du Euskalitek webgune batean. 

Artxara kooperatibako kideek euskararen normalizazioan egindako lanaren eboluzioa jaso dute proiektuaren pean: "Orain arte egindako lanaren aitorpena da, eta ondo egindakoak eta hobetzeko ditugunak identifikatzeko balio izan digu".

Nagore Alkorta alkatea, Ainara Larrañaga euskara batzordeburua eta Nerea Arexolaleiba Elegune zerbitzuko teknikaria Elikagunera bertaratu dira. Alkortak merkataritzan euskara zabaltzeko lanak eskertu dizkie: "Gure herrian euskaraz gara, eta zuek bezeroekin euskaraz egiteaz gain, Euskal Herriko beste ekoizle eta hornitzaileekin ere euskaraz egiteko lan egiten duzue".

Larrañagak ere kooperatibak egindako esfortzua aitortu du: "Txalotzekoa, baloratzekoa eta eskertzekoa da egiten duzuen lana. Euskara lan prozesu guztien erdigunean jarri duzue; kudeaketarako zein lanerako hizkuntza bihurtu duzue. Erreferentzialtasuna ematen dio hizkuntzari".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide