Koronabirusa Azpeitian

Hamahiru kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko abu. 2a, 13:24

Aurreko asteburuan atzemandako positiboen erdiak zenbatu dituzte azken hiru egunetan, baina 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak zertxobait gora egin du, 770,98ra. Hego Euskal Herrian, bestalde, oso altua da oraindik positibotasun tasa: %10,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5 Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean, guztira, 73 positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan, aurreko asteburuan baino 28 kasu gutxiago. Hala eta guztiz ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute, eta oraindik ere oso altuak dira herri horietako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak.

Azpeitian aurreko asteburuan baino hamabost kasu gutxiago atzeman dituzte azken hiru egunetan: hamahiru—ostiralean lau, larunbatean bost eta atzo lau—. Halere, intzidentzia tasak apur bat gora egin du, 788,44ra. Bestalde, eskualdean kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte azken hiru egunetan. 21 kasu izan dira han —ostiralean hamabi, larunbatean sei eta atzo hiru—, baina intzidentzia tasak behera egin du; uneotan, 770,98koa da tasa. Azkoitian, aldiz, 11 kasu zenbatu dituzte —hiruna ostiralean eta larunbatean, eta bost atzo—, eta nabarmen jaitsi da intzidentzia tasa, 767,75eraino.

Horrez gain, Zumaian hamar kasu izan dira —sei ostiralean eta bina larunbatean eta atzo—, eta hango intzidentzia tasak apurka-apurka beheranzko joera hartuen duen arren, oraindik ere eskualdeko tasarik altuena duen herria da; gaur-gaurkoz 1.058,31 da tasa. Orion ere egoera ez da askoz hobea, bederatzi kasu izan baitira —launa ostiralean eta larunbatean, eta bat atzo—, eta hango tasak ostiraleko bera izaten jarraitzen du: 978,47. Bestalde, Zestoan bost kasu, Getarian hiru eta Beizaman kasu bat izan dira azken hiru egunetan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Zestoan 924,50, Getarian 848,06 eta Beizaman 806,45. Aian, Aizarnazabalen eta Errezilen ez da kasu berririk izan.

1.047 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko lau lurraldeei erreparatuta, 9.214 PCR eta antigeno test egin zituen guztira atzo, igandea, Osakidetzak eta Osasunbideak; horietatik, 1.047 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, (457), eta ondoren, Nafarroan (280), Gipuzkoan (200), eta Araban (95). Joan zen asteko igandean baino positibo gutxiago izan ziren atzo, baina oraindik ere positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %10,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5 Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, 299 eri daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 60 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 143 pertsona daude ospitaleratuta, eta 20 dira ZIUetan daudenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide