Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) Martxan izeneko ibilaldi osasungarriak egingo ditu Azpeitian iraletik aurrera. Elkarteak adierazi duenez, izen-ematea doakoa eta irekia izango da; hau da, horretarako ez da beharrezkoa izango AECCko bazkidea edo pazientea izatea. Irailaren 20an hasiko dira ibilaldiak, elkartearen Azpeitiko egoitzatik abiatuta (Enparan kalea, 6), eta astelehenero egingo dituzte txangoak, 10:00etatik 11:30era bitartean.
Ekintza horietan interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute honako lotura honetan agertzen diren datuak emanda edo 943-45 77 22 telefonora deituta.
Hitzarmena, ekainetik
AECC elkarteak egoitza du Azpeitian joan zen ekainetik. Izan ere, Nagore Alkorta alkateak eta Juan Ormazabal Gipuzkoako AECCren presidenteak hitzarmena sinatu zuten orduan. Azpeitiko Udalak Baigera I eraikineko hirugarren solairuko bulego bat utzi zion elkarteari, bere zerbitzuak han eskaini ditzan. Bi urterako hitzarmena sinatu zuten, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.