'Erraiak', Txisteratik, Olatz Salvador, Trikigiro eta Chill Mafia, datozen hilabeteetako kultur hitzorduen artean

Maialen Etxaniz 2021ko abu. 4a, 10:00

Irailetik azarora Azpeitian izango diren kultur emanaldietako batzuk jakinarazi ditu Kulturaz kooperatibak. Horien artean daude Erraiak dokumentalaren emanaldia, Txisteratik egun magikoa, Kerobiaren kontzertua eta Potx eta Lotx pailazoen emanaldia. Sarrerak eskuragarri daude jada. 

Abuztuan sartu berritan jakinarazi ditu Kulturaz kooperatibak ikasturte berriarekin batera iritsiko diren kultur emanaldietako batzuk, eta agenda ia-ia ekitaldiz beteta dute dagoeneko. Lagrimas de Sangre musika taldeak abuztuaren 26an eskainiko zuen kontzertuak itxiko du udara arteko egitaraua, eta irailean jarraituko du kultur eskaintzak. 

Datozen hilabeteetarako haurrei zein helduei zuzendutako askotariko ekintzak antolatu dituzte, hala nola ikus-entzunezkoen emanaldiak, kontzertuak eta ikuskizunak. Kulturazek aurreratu dituen hitzorduen artean daude, esaterako, Erraiak dokumentalaren emanaldia eta solasaldia, Arah taldearen Bazen behin ganbera-musika emanaldia, Potx eta Lotx pailazoen emanaldia eta Olatz Salvador, Chill Mafia eta Kerobia taldeen kontzertuak. Horiez gain, Arkupehotsak egitasmoaren barruko zuzenekoak, Trikigiro jaialdia eta Txisteratik egun magikoaren bosgarren edizioa iragarri dituzte. Aurtengo Trikigiro jaialdia urriaren 22an izango da. Txisteratik egun magikoak, aldiz, bi eguneko egitaraua izango du aurten, eta urriaren 1ean eta 2an egingo dute. 

Emanaldien datak aurreratu dituzten arren, oraindik ez dute jakinarazi zenbait hitzordu non eta zein ordutan izango diren; Chill Mafia edo Vulk taldearen kontzertua, esaterako. Datak gerturatu ahala emango dituzte ekitaldien inguruko xehetasun guztiak. Emanaldi batzuetarako sarrerak eskuragarri daude jada kulturaz.eus webgunean.

Hona hemen Kulturaz kooperatibak aurreratu dituen data eta emanadien zerrenda:

  • Irailak 25: Arkupehotsak: Hegazkin + Braulio, Sanagustin kulturgunean.
  • Irailak 11: Viva Belgradoren kontzertua, Sanagustinen. 
  • Irailak 25: Erraiak dokumentalaren emanaldia eta solasaldia, Soreasun. 
  • Irailak 26: Arah taldearen Bazen behin ganbera-musika emanaldia, Soreasu Antzokian.
  • Urriak 1 eta 2:  Txisteratik egun magikoaren bosgarren edizioa. 
  • Urriak 5: Sanagustin 10 urte. 
  • Urriak 16: Olatz Salvadorren kontzertua, Soreasu antzokian. 
  • Urriak 22: Trikigiro jaialdia. 
  • Urriak 24: Potx eta Lotx pailazoen emanaldia, Soreasu antzokian. 
  • Azaroak 5: Vulk taldearen kontzertua. 
  • Azaroak 12: Chill Mafia taldearen kontzertua. 
  • Azaroak 27: Kerobiaren kontzertua Soreasu antzokian. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide