Koronabirusa Azpeitian

Hamalau positibo baieztatu dituzte Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko abu. 4a, 13:14

Positiboen gorakadarekin batera, gora egin du herriko intzidentzia tasak ere: 834,43koa da zifra hori gaur-gaurkoz. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.389 kasu atzeman dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta gora egin du herrian zenbatutako positibo kopuruak; hain zuzen ere, hamalau kasu baieztatu dituzte. Hori dela eta, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak gora egiten jarraitzen du Azpeitian, eta uneotan 834,43 da tasa.

Urola Kosta eskualdean ere, gora egin du positiboen kopuruak: guztira, 45 positibo zenbatu zituzten atzo —herenegun 34 izan ziren—. Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien, baina gertutik jarraitzen dio Zarautzek, hamahiru kasu zenbatu baitituzte han; dena den, intzidentzia tasak behera egin du han, 715,30era. Hala eta guztiz, eremu gorrian jarraitzen du oraindik ere eskualdeko herririk handienak.

Datu baikorragoak izan dira Azkoitian, bost kasu hauteman baitituzte han, eta intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du; uneotan, 709,34 da tasa. Zumaian, bestalde, lau kasu zenbatu dituzte, baina intzidentzia tasa milako langatik jaitsi da eta 966,72 da orain. Hala eta guztiz, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria izaten jarraitzen du Zumaiak.

Horrez gain, Getarian bost kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasa 918,73ra igo da. Orion, berriz, hiru positibo izan dira, eta 864,32ra jaitsi da tasa. Bestalde, Zestoan kasu bat hauteman dute, eta 873,14 da tasa gaur-gaurkoz. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk zenbatu, eta honakoak dira herri horietako tasak: Aian 453,40, Aizarnazabalen 130,04, Beizaman 806,45 eta Errezilen hutsa.

Ospitaleratzeek, gora

Hego Euskal Herrian, guztira, 11.835 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.389 izan ziren emaitza positiboa izan zutenak. Lurraldez lurralde, beste behin Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (589), eta ondoren, Gipuzkoan (321), Nafarroan (303) eta Araban (154) —22 positibo, berriz, lurralde horietatik kanpo zenbatu zituzten—. Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du oraindik; %12,6 da Nafarroan eta %11,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ospitaleetan, berriz, egoera ez da baretzen ari. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 327 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 61 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 114 eri daude ospitaleetan, eta horietatik hogei dira ZIUetan daudenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide