Aizpuru III.ak erremonteko XXXIX. Kutxabank Buruz Buruko Txapelketa utzi du

Anartz Izagirre 2021ko abu. 6a, 10:30

Aizpuru III.a —eskuinetik bigarrena—, XXXIX. Kutxabank Buruz Buruko Txapelketan. (Oriamendi 2010)

Atzo, osteguna, jokatu behar zuen azpeitiarrak Zubiriren aurka, baina antolatzaileen arabera, ezin izan zuen partida jokatu ondoezik sentitzen zelako. Horrenbestez, txapelketatik kanpo gelditu da.

Ibilbide motza izan du Joxin Aizpuru Aizpuru III.ak XXXIX. Kutxabank Buruz Buruko Txapelketan. Joan den uztailaren 29an aurkeztu zuten txapelketa Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan; sailkapen fasean aurrera egin zuen Aizpuru III.ak, eta Ansa II.arekin eta Zubirirekin ligaxka jokatu behar zuen finalerdietara sailkatzeko. Atzo, osteguna, Zubiriren aurka neurtu behar zituen indarrak, baina antolatzaileen arabera ondoezik zegoen azpeitiarra, eta horrenbestez, Goikoetxea V.ak —aurreko fasean bigarren sailkatuak— ordezkatuko du txapelketa horretan.

Goikoetxea V.ak, ordea, ezin izan zuen atzo Zubiri garaitu, eta 30-19 amaitu zen partida Zubiriren alde. Hurrengo fasera sailkatzeko, beraz, Zubirik nahikoa izango du Goikoetxea V.ak Ansa II.a 24 tanto azpitik uztea biharko partidan. Finalerdietara sailkatzen den pilotariak —Zubirik edo Goikoetxea V.ak—, Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenea izango ditu aurkari. Sailkapena puntuen araberakoa izango da, eta partida guztiak ostegunetan eta larunbatetan jokatuko dituzte, 17:00etan hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide