Koronabirusa Azpeitian

Hamalau positibo atzeman zituzten atzo Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2021ko abu. 6a, 15:32

Azken hiru egunetan gorakada izan den arren, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak pixkat bat behera egin du berriro, baina maila oso altuan mantentzen da. Urola Kostan guztira 51 positibo zenbatu zituen atzo Osasun Sailak.

Asteartean bezala, atzo ere hamalau positibo atzeman zituen Osasun Sailak Azpeitian egindako PCR eta antigeno probetan. Azken hiru egunetan positiboetan gorakada izan den arren, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak pixkat bat behera egin du berriro herrian, baina maila oso altuan mantentzen da; 827,86an dago gaur-gaurkoz.

COVID-19aren bosgarren olatuan gorakadatxoa antzeman da azken orduetan Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi berri dituen datuen arabera, 51 positibo zenbatu zituzten atzo eskualdeko herrietan, bezperan baino hamar gehiago. Aste hau hasi zenetik egun bakarrean atzemandako positibo kopuru handiena da atzokoa.

51 positibo horietatik 46 lau herriren artean banatuta ageri dira. Azpeitiko hamalauak dira kopururik handiena, baina Zarautzen hamahiru izan zituzten, Zumaian hamabi, eta Zestoan zazpi. Eskualdeko herri handienen artean Azkoitian detektatu zituzten atzo positibo gutxien, hiru, eta beste koska bat behera egin du herri horretan intzidentzia tasak, 600eko mugatik jaitsiz (584,16).

Zarautzen eta Zumaian, Azpeitian bezala, bezperan baino txikiagoa zen atzo intzidentzia tasa, 676,75koa Zarautzen, eta 864,96koa Zumaian; azken herri horrek du Urola Kostan 5.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik handiena. Zestoan, aldiz, milako langa (1.001,54) gainditu du intzidentzia metatuak atzo atzemandako zazpi positiboen ondoren.

Getarian eta Orion positibo bana agertu zen atzo, eta Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bat ere ez.

Hego Euskal Herriko egoera

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, positibo berrien kopuruak behera egin du azken orduetan. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, guztira 10.538 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau herrialdeetan, eta 1.319 positibo azaleratu zituzten horiek: 108 Araban, 591 Bizkaian, 327 Gipuzkoan, 271 Nafarroan, eta beste 22 lurralde horietatik kanpo erroldatutako pertsonen artean. Horrenbestez, %12tik gora mantentzen da positibotasun tasa.

Oraindik kopuru handietan bada ere, positiboen igoera gelditzen ari da azken egunetan. Ospitaleetan, ordea, momentuz ez dute egonkortzerik nabarmendu. Osakidetzaren sarean 54 lagun ospitaleratu zituzten atzo; guztira 325 gaixo zeuden atzo ospitaleratuta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian COVID-19a dela eta, horietatik 66 (bezperan baino bost gehiago) ZIUetan. Nafarroan, pertsona bat hil da azken orduetan COVID-19ak jota. Hamasei ospitaleratze berri izan ziren atzo Nafarroako erietxeetan; 101 gaixo daude guztira ingresatuta, horietatik 21 ZIUetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide