Zabalik dago Txisteratik Egun Magikoan izango diren bi lehiaketetan izena emateko aukera

Anartz Izagirre 2021ko abu. 7a, 10:11

Txisteratik Egun Magikoaren bosgarren edizioko gala nagusiko irudi bat. (Alberto Beloki-Kulturaz koop.)

Alde batetik, Gertuko Magia Lehiaketa egingo dute urriaren 1ean, eta bestetik, Magia-poteo lehiaketa, urriaren 2an. Txisteratiken webgunean eman daiteke izena horietan, bertan agertzen diren datuak betez.

Urriaren 1ean eta 2an egingo dute Txisteratik Egun Magikoaren bosgarren edizioa, eta dagoneko egun horretarako prestatzen ari dira antolatzaileak. Aurten, bi lehiaketa izango dira egun horietan: lehen egunean Gertuko Magia Lehiaketa, eta bigarrenean, Magia-poteo lehiaketa. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena bi ekintza horietan, Txisteratiken webgunearen bitartez.

Gertuko Magia Lehiaketari dagokionez, edonork parte har dezake bertan, izen-emate orria betez eta bertan zehazten den prezioa ordainduz gero —60 edo 70 euro—. Gehienez, zortzi pertsonak parte hartuko dute lehiaketan, eta horien izenak irailean jakinaraziko ditu antolakuntzak; ordutik aurrera, ez dute parte-hartzaile gehiagoren izen-ematerik onartuko. Bestalde, gertuko edo aretoko magia soilik onartuko da, lehiaketa gauzatuko den espazioetan magia egiteko baldintzak bete beharko direlako, eta ikuskizunek 5 eta 10 minutu artean iraun beharko dutelako. Epaimahaia mago profesionalek eta Txisteratikeko antolatzaileek osatuko dute, eta haien erabakia aldaezina eta erabatekoa izango da. Irabazleak garaikurra eta 250 euroko bonua jasoko du, Undermagic magia dendan gastatzeko.

Honako lotura honetan eman behar da txapelketa horretarako izena, eta bertan zehazten da zein datu helarazi behar diren eta ordaindutako prezioaren barruan zein zerbitzu eskaintzen diren.

Magia-poteo lehiaketari dagokionez, berriz, herriko kaleetan magia egitean datza. Topaketara ikusle joaten den edonork parte hartu dezake bertan, baina horretarako, aurrez izena eman beharko da. Lehiaketako epaimahaia publiko artean ibiliko da, eta arratsaldeko Gala Nagusian jakinaraziko dute zein den txapeldunaren izena. Magia-poteo lehiaketaren saria honakoa izango da: Txisteratik Egun Magikoaren seigarren edizioan kontratatua izatea. Parte hartzen dutenei galarako nahiz arratsaldeko magia ikuskizunerako sarrerak oparituko dizkiete. Honako lotura honetan agertzen den galdetegia bete behar da izena emateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide