3-1 nagusitu da Lagun Onaken mutilen taldea Pasaiaren aurkako lehen lagunartekoan

Anartz Izagirre 2021ko abu. 7a, 15:23

Lagun Onak-Pasaia lagunarteko partidako irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Sei lagunarteko hitzordu izango ditu Lagun Onakek denboraldi berria hasi aurretik, eta horietako lehena izan da gaurkoa. Gainera, publikoaren babesarekin jokatu ahal izan dute azpeitiarrek Garmendipen.

Lagun Onaken mutilen talde nagusiak garaipen gozoa erdietsi du gaur, zapatua, Garmendipeko belar artifizialeko zelaian. Hilabete honetan jokatuko dituen sei lagunarteko partidetatik lehena jokatu dute Pasaiaren aurka, eta 3-1 nagusitu dira etxekoak futbol zelaian. Lehen bi golak Xabi Geretak egin ditu, eta hirugarrena, Jagoba Erdoziak.

Gaurkoa norgehiagoka berezia izan da, gainera, bi taldeentzat. Izan ere, publikoaren babesa izan dute aspaldiko partez partidan, Espainiako Gobernuak futbol zelaietan ikusleak egotea baimendu baitzuen duela aste batzuk —Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estadioetako edukiera %20 izango dela jakinarazi du—.

Hurrengo partida abuztuaren 14an, zapatua, jokatuko dute Garmendipeko zelai nagusian, 10:00etan hasita. Hiruko torneoa izango da, Lagun Onak, Anaitasuna eta Real Sociedad C taldeen artekoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide