Koronabirusa Azpeitian

Positiboen kopuruak gora egin du nabarmen asteburuan Azpeitian

Amaia Urbieta 2021ko abu. 9a, 13:10

Ostirala eta atzo bitartean 38 positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian, aurreko asteburuan zenbatutakoen hirukoitza. Intzidentzia tasak ere gora egin du: 893,56 da herriko tasa. Eskualdeko herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute oraindik, baina apaltzera egin dute datuek herri ia gehienetan.

Azpeitian atzemandako positibo kopuruak eta intzidentzia tasak nabarmen egin dute gora azken hiru egunetan. Izan ere, ostirala eta atzo bitartean 38 positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian, aurreko asteburuan zenbatutakoen hirukoitza. Horren eraginez, gora egin du Azpeitiko hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak; 893,56an dago egun –ostiralean 834,43 zen tasa–. 

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, aurreko asteburuan baino hamalau kasu gehiago zenbatu dituzte Urola Kostan azken hiru egunetan –87 positibo–, eta horretan eragin nabarmena izan dute Azpeitiko datuek. Izan ere, kasuen ia erdiak herrian zenbatu dituzte. Eskualdeko gainontzeko herrietako datuak apalagoak dira, eta 5.000 biztanletik gorako herrietako intzidentzia tasek baxuagoak dira duela astebetekoekin alderatuta.

Dena den, badira salbuespenak: ostiraletik igo egin da tasa Zumaian. Hamazazpi kasu berri atzeman dituzte herri horretan ostiraletik igandera bitartean, duela astebete baino zazpi gehiago. Aurreko astean are larriagoa zen kostaldeko herriaren egoera, baina ostiraletik gora egin du apur bat intzidentzia tasak, eta orain 875,14an dago.

Ekialderago, Zarautzen, hemezortzi kasu baieztatu dituzte asteburuan denera –aurreko asteburuan 21 atzeman zituzten–, eta apurka-apurka, beheraka doa herri horretako intzidentzia tasa. Beste apur bat jaitsita, 646,76an dago orain. Azkoitian, berriz, zortzi kasu zenbatu dituzte asteburuan. Aurreko asteburuan 11 izan ziren zenbatutako positiboak, eta herri horretan ere beheranzko joera du intzidentzia tasak; gaur 542,44koa da. Orion ere hobera egin dute datuek; azken hiru egunetan bi positibo soilik zenbatu dituzte, eta han ere behera egin du intzidentzia tasak –554,47koa da orain–.

Bestalde, asteburuan bi kasu hauteman ditu Osakidetzak Zestoan, eta bana Beizaman eta Errezilen. Getarian, Aian eta Aizarnazabalen ez dute positibo berririk zenbatu azken egunetan. 

Mila positibotik behera

Hego Euskal Herriko lau lurraldeei erreparatuta, 6.756 PCR eta antigeno test egin zituen guztira atzo, igandea, Osakidetzak eta Osasunbideak. Horietan 773 lagunek eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, berriz, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, (513), eta ondoren, Gipuzkoan (249), Nafarroan (191) eta Araban (94). Oraindik ere positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %10,9 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %13,3 Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, 285 eri daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 66 dira ZIUetan daudenak. Zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopurua igo egin da aurreko astetik –60 ziren aurreko astean–, baina ospitaleratuen kopurua jaitsi egin da, aurreko astean 299 baitziren. Nafarroan, berriz, 108 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik hogei daude ZIUetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide