Mikel Larrañaga Aizkolarien Urrezko Kopan ariko da igandean

Julene Frantzesena 2021ko abu. 12a, 08:06

Urrezko Kopara sailkatu diren bost aizkolariak. (Ibon Errazu)

Donostiako Trinitate plazan izango da lehiaren XXXVI. edizioa, eta Larrañagarekin ariko dira nor baino nor Iker Vicente, Eneko Otaño, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo. Bost aizkolariek 54 ontzako hamalauna enbor ebaki beharko dituzte, 19:00etan hasita. Iaz bigarren sailkatu zen Larrañaga.

Aizkolarien XXXVI. Urrezko Kopa izango da igandean Donostiako Trinitate plazan, eta bost aizkolari ariko dira nor baino nor lehian; tartean, Mikel Larrañaga azpeitiarra. Uztailaren 10ean Donostian bertan jokatu zuten hamabi aizkolarik koparako sailkapen fasea, eta han lortu zuten igandean lehiatzeko txartela Larrañagak ez ezik, Iker Vicentek, Eneko Otañok, Aitzol Atutxak eta Jon Rekondok.

Bost aizkolariek 54 ontzako hamalauna enbor ebaki beharko dituzte, 19:00etan hasita. Trinitate plazako edukiera mugatua izango da, eta sarrerak aurrez erosi beharko dira Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan nahiz Internet bidez. Igandean ez dute sarrera salmentarako leihatilarik jarriko Trinitate plazan.

2019an Vicentek irabazi zuen kopa, eta Larrañaga bigarren sailkatu zen. Iaz ere halaxe sailkatu ziren: Vicente nagusitu zen, eta bigarren izan zen Larrañaga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide