Dinamoko soinuaren eremua egokitzeko lanak esleitu ditu udalak

Julene Frantzesena 2021ko abu. 12a, 09:36

Dinamoaren kanpoaldea.

Iparragirre eraikuntza lanak SL enpresak egingo ditu lan horiek sei hilabeteko epean. Dinamoko lehen solairuan kokatuko da eremua, eta bi entsegu gela, grabaketarako gunea, teknika-irrati gela, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta balio anitzeko hiru gela izango dira bertan.

Azpeitiko Udalak esleitu ditu dagoeneko Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua egokitzeko lanak. Hain zuzen ere, Iparragirre eraikuntza lanak SL enpresak egingo ditu lan horiek sei hilabeteko epean, eta eremua egokitzeak 512.847,08 euroko aurrekontua izango du.

Soiruaren eremuan, bi entsegu gela, grabaketarako gunea, teknika-irrati gela, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta balio anitzeko hiru gela izango dira. Horiek Dinamoko lehen solairuan kokatuko dira, eta eremu hori egindakoan, sormen guneko lehen solairu guztia kultur sorkuntzara bideratuta izango da. Izan ere, dagoeneko martxan dira hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuak.

Udalak azaldu duenez, herriko kultur taldeentzat eta kultur sortzaileentzat azpiegiturak egokitzen jarraitzen du, eta bide horretan, udalak eta Kultur Mahaiak herriko eragileekin eta norbanakoekin egindako parte hartze prozesuan jasotako ondorioak aintzat hartuta egingo dituzte soinuaren eremua egokitzeko obrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide