Omenaldi hunkigarria jaso dute Ugaitz Kerejetaren senideek eta gertukoek

Julene Frantzesena 2021ko abu. 14a, 12:54

Ugaitz Kerejeta hiruko torneoaren lehen edizioa jokatu dute gaur Lagun Onakek, Anaitasunak eta Reala Ck, Garmendipe futbol zelaian. Iazko abuztuan moto istripuz hil zen Lagun Onakeko jokalaria, eta haren gertukoek omenaldia jaso dute gaur. Reala Ck irabazi du torneoa.

Iazko abuztuan moto istripuz hil zen Ugaitz Kerejeta Lagun Onakeko jokalaria, eta gaur, zapatua, hura omendu dute Garmendipe futbol zelaian. Lagun Onakek, Anaitasunak eta Reala Ck gaztearen izena duen Ugaitz Kerejeta hiruko torneoa jokatu dute 10:00etan hasita, eta lehen bi norgehiagokak bukatzean gauzatu dute omenaldia. Gaztea hil eta ia urtebetera egin behar izan dute oroimen ekitaldia; izan ere, koronabirusaren pandemia tarteko, hainbatetan atzeratu behar izan du Lagun Onakek omenaldia. Gainera, egoerak hala ahalbidetuta, herritar ugari izan da zelaian.

Futbol zelaiaren erdian elkartu dira hiru taldeetako jokalariak, eta Kerejetaren gurasoak eta anai-arrebak irten dira berdegunera Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidentea lagun zutela. Ihintza Elustondo kazetariak gidatu du ekitaldia, eta hark Kerejetaren balioak ekarri ditu gogora: "Irribarrea, bizipoza eta umiltasuna". Izan ere, Lagun Onakek hiru ezaugarri horiek azpimarratu zituen gaztea hil zenean kaleratutako gutunean.

Aurrena, bi dantzarik Agurra dantzatu diete haiei, txistu doinuz lagunduta. Segidan, Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidenteak oroigarria eman die Kerejetaren familiakoei, baita Realeko Luki Iriartek ere –Ugaitz izena daraman Realeko kamiseta oparitu diote familiari–. Lagun Onakeko Rikardo Amubieta ordezkariak, berriz, lore sorta eman die. Ekitaldiari bukaera emateko Kerejetaren elastikoa eta argazkia desestali ditu haren aitak, eta gero, hainbat argazki atera dituzte berdegunean, hala nola jokalariekin, senitartekoekin nahiz Kerejetaren lagunekin.

Reala C garaile

Hiru partida jokatu dituzte taldeek gaurkoan, eta Reala C nagusitu da. Donostiako taldeak 2 eta 1 irabazi du Lagun Onaken kontra jokatutako norgehiagoka, eta emaitza hori aski izan zaio garaikurra eskuratzeko. Ugaitz Kerejetaren aitak eman dio irabazlearen oroigarria Reala Cko Jagoba kapitainari. Anaitasunak eta Lagun Onakek jokatu dute lehen partida, eta bana berdindu dute. Bide beretik, baina golik gabe amaitu da Anaitasunaren eta Reala Cren arteko neurketa: hutsean berdindu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide