Mikel Larrañaga: "Azken urteetan gero eta gertuago ikusten nuen kopa irabazteko aukera"

Julene Frantzesena 2021ko abu. 16a, 14:56

Mikel Larrañaga atzo lehia bukatzean. (Ibon Errazu)

Urrezko Aizkolarien Koparen XXXVI. edizioa irabazi zuen atzo Mikel Larraga (Azpeitia, 1989). Egindako lanarekin gustura da, baita azken bi urteetako garaileari, Iker Vicenteri, aurrea hartu diolako ere. Euskal Herriko Txapelketa prestatzea du xede orain.

Espero al zenuen kopa irabaztea?

Bai, egia esan aukera ikusten nuen. Izan ere, azken urteetan gero eta gertuago ikusten nuen kopa irabazteko aukera.

Nola sentitu zinen lehian?

Hasi ginenean nahikoa estu aritu nintzen. Dena den, lanak aurrera joan ahala, abantaila hartu nuen, eta eroso sentitu nintzen.

Alde handi samarra atera zenion Vicenteri, baita gainerako lehiakideei ere. Zertan asmatu zenuen?

Enborrak ebakitzerakoan dena ondo egin nuen, eta egurretik egurrera denbora gutxi galdu nuen. Segi eta segi, gainerako aizkolariei aldea ateratzea lortu nuen.

Bi urtez jarraian bigarren izan zara, Vicente garaile. Gustura al zaude postuak aldatu direlako?

Bai, bai, nola ez! Txapelketetara beti joaten zara irabazteko asmoarekin, eta... Bazen garaia Vicenteri noiz edo noiz aurrea hartzeko garaia.

Zer esan nahi du zuretzat Urrezko Aizkolarien Kopa irabazteak?

Euskal Herriko Txapelketaz aparte, Urrezko Aizkolarien Kopa oso garrantzitsua da aizkolariontzat. Beraz, bigarren txapelik garrantzitsuena irabazi dudala esan dezaket.

Aurtengo kopan sailkapen fasea ere jokatu duzue. Puntako aizkolari denok aritu zarete lehian, eta zuk lortu duzu kopa. Uneko aizkolaririk onena zarela esan daiteke...

Onena ez nuke esango, baina onenen artean dagoela uste dut.

Zer erronka dituzu aurrera begira?

Urria aldean-edo jokatuko den Euskal Herriko Txapelketa buru-belarri prestatu nahi dut orain.

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide