Azpeitiko Udalak burdinezko sarexkak ezarriko ditu herriko lau eremutan, Urola ibaia hondakinetatik babesteko helburuarekin. Oraingoan, guztira, 1.400 metro sarexka jarriko dituzte baranda duten ibaiertzetan, honako eremu hauetan: Astotegian, Soreasu eta Madalena inguruan, Loiolabiden eta Amue kalean. Lan horien aurrekontua 28.496,76 eurokoa izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.881,01 euroko laguntza emango dio udalari proiektu horrengatik.
Herritar talde baten eskariz, 2019. urtearen amaieran hasi zen udala Urola ibaira hondakinak eror ez zitezen ibaiertzetan burdinezko sarexkak ezartzen. 2020an 1.100 metro jarri zituzten faseka, eta helburuak ondo bete zirela ikusita, oraingoan beste 1.400 metro jartzeko lanak hasiko dituzte; guztira, 2,5 kilometro ibaiertz babestuta geldituko dira obra horiekin.
Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko Ingurumen batzordeburuaren hitzetan, "neurri eraginkorra" dira sarexkak: "kaleko hondakinak ibaian ez bukatzeko neurri eraginkorra direla ikusi dugu, eta horregatik jarriko ditugu sarexkak eremu berri horietan". Hala ere, ibaia eta ingurumena babesteko neurri eraginkorrena "bakoitzak bere hondakinekin arduraz jokatzea" dela azpimarratu du Bereziartuak.