Joan den larunbatean, hilak 21, Escatroneko (Aragoi, Espainia) Uztai Txapelketan parte hartu zuen Xabier Iturralde azpeitiarrak Ander Lizarralde villabonatarrarekin batera —Joanes Balentziaga azkoitiarra ordezkatu zuen Iturraldek—, eta behiari adarretan zortzi uztai sartuta, txapelketaren lehen postuan gelditu zen bikotea.
Hermanos Ozcoz ganadutegiko hamabi behi izan ziren Escatronen, eta hamabi bikotek parte hartu zuten bertan; 721 zenbakiko behiarekin lehiatu ziren Iturralde eta Lizarralde. Bigarren postuan gelditu zen bikoteak zazpi uztai sartzea lortu zituen, eta hirugarren bi bikote gelditu ziren behiari hiruna uztai sartuta.
Gaur, asteartea, beste txapelketa bat jokatuko dute Iturraldek eta Lizarraldek Martzillan (Nafarroa), Merino ganadutegiko behiekin.