Alex Aizpuru Kaxe futbolari azpeitiarrak Sabadellen jokatuko du 2021-2022 denboraldian. Halaxe jakinarazi zuen atzo, larunbata, Kataluniako taldeak sareetan. Klubak bertan zehazten duenez, akordio batera iritsi dira Ponferradina taldearekin Kaxe lagatzeko; izan ere, joan zen urtean hiru urterako luzatu zioten kontratua azpeitiarrari Ponferradinan. Lehen RFEF mailako bigarren multzoan jokatuko du datorren denboraldia Sabadellek.
Azpeitiarra 2018ko abenduan iritsi zen Ponferradinara; hain zuzen ere, Espainiako Bigarren B Mailan zen taldea orduan —Espainiako Bigarren Mailan dago orain—, eta neguko merkatuan fitxatu zuen klubak Kaxe. Bahraingo Erresumako East Riffa taldea utzita batu zen Leongo taldera, eta 2018-2019 denboraldian mailaz igo zen Ponferradina.
Hainbat taldetan aritu da azpeitiarra azken urteetan: 2017-2018 denboraldiaren erdia Espainiako Hirugarren Mailako Beasain futbol klubean egin ostean, eta han erakutsitako maila onari esker, Espainiako Bigarren B Mailako Rapido de Bouzas taldeak fitxatu zuen 2017ko abenduan. Vigoko (Galizia) taldearekin aritu zen Aizpuru denboraldia bukatu bitartean. 2018ko uztailean, berriz, Asiara egin zuen jauzi: Bahraingo Erresumako East Riffa taldearekin aritu zen hango Lehen Mailan, urte hartako abendura bitartean.