Koronabirusa Azpeitian

Eremu laranjatik horira igaro da Azpeitia

Dorleta Agiriano 2021ko abu. 30a, 13:36

Aurreko hiru egunetan sei positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian, aurreko asteburuan baino hiru gehiago, baina hala ere behera egin du intzidentzia tasak, osteguneko 320,23tik 249,67ra jaitsiz. COVID-19ak jotako 294 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, ostiralean bezainbeste. ZIUetan dauden lagunen kopuruak, baina, gora egin du.

Azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Txostenaren arabera, ostiraletik igandera bitartean sei positibo atzeman dituzte Azpeitian: bana ostiralean eta atzo, eta lau zapatuan. Aurreko asteburuan baino hiru positibo gehiago izan dira, horrenbestez, herrian joan den asteburu honetan, baina hala ere, behera egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, osteguneko 320,23tik 249,67ra jaitsiz. Horrenbestez, 300eko mugatik jaitsita, eremu laranja utzi eta horian da gaur-gaurkoz Azpeitia.

Urola Kostan guztira 24 positibo zenbatu zituzte azken hiru egunetan, aurreko asteburuan baino hiru gutxiago. Azpeitian bezala, Azkoitian ere sei kasu detektatu dituzte (bost ostiralean eta bat atzo), bi herri horiek dira asteburuan positibo gehien izan dituztenak. Zarautzen lau kasu berri izan dira (bana ostiralean eta atzo, eta bi larunbatean). Zumaian hiru (bat larunbatean eta bi atzo), eta kasu bana zenbatu dute Aian (atzo), Aizarnazabalen (ostiralean), Errezilen (atzo), Getarian (atzo) eta Zestoan (ostiralean).

Asteburuko datuen ostean, eskualdeko udalerri gehienetan behera egin du kasu metatuen tasak: 520,16tik 390,12ra jaitsi da Aizarnazabalen, 530,04tik 459,36ra Getarian, 163,08tik 146,77ra Orion, 274,13tik 209,88ra Zarautzen, 539,29tik 436,57ra Zestoan, eta 305,28tik 264,58ra Zumaian. Azpeitia bezala, Zumaia ere eremu laranjatik horira igaro da. Aian, Azkoitian eta Errezilen, ordea, gora egin du intzidentzia tasak: 50,38tik 100,76ra igo da Aian, 166,90etik 175,25era Azkoitian (eremu horian dago oraindik), eta 644,12tik 805,15era Errezilen. Beizaman hutsean jarraitzen du tasak.

1.307 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, orotara, 1.307 kasu positibo detektatu dituzte azken hiru egunetan. Atzo, hain justu, 149 kasu izan ziren Bizkaian, 98 Gipuzkoan, 70 Nafarroan, 44 Araban eta bost lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Ostegunetik hona Nafarroan gora egin du positibotasun tasak, atzo proba egin zuten lagunen artean %8,9k eman baitute positibo, eta ostegunean, berriz, %7,3k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alderantzizkoa izan da joera: positibotasun tasa %8,7koa izan zen ostegunean, eta %6,5ekoa atzo.

COVID-19ak jotako 294 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, ostiralean bezainbeste. ZIUetan dauden lagunen kopuruak, baina, gora egin du: 72 ziren ostegunean, 69 ostiralean, 71 larunbatean eta 74 azken orduetako datuen arabera. Asteburuan, guztira, 97 ospitaleratze berri izan dira Osakidetzan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide