Azken orduetan lau positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Amaia Urbieta 2021ko ira. 1a, 13:29

100.000 biztanleko intzidentziak apur bat gora egin du 243,10era iritsiz. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako gainontzeko herriek bezala.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusaren herriz herriko bilakaeraren berri ematen duen txostena, eta dokumentuaren arabera, Azpeitian lau kasu positibo atzeman zituen Osasun Sailak. Hori horrela, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentziak apur bat gora egin du 243,10era iritsiz. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako gainontzeko herriek bezala.

Eskualdean, berriz, guztira beste zortzi positibo atzeman dituzte azken orduetan. Azkoitian positibo bana zenbatu dute azken orduetan, eta ondorioz azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasan ez da gorabeherarik izan; 191,94koa da zenbatekoa Azkoitian, eta eremu horian jarraitzen du. Gainontzeko kasuak Zumaian (hiru) eta Zestoan (bat) zenbatu zituzten. Eskualdeko beste herrietan ez zuten positiborik atzeman atzo, eta 5.000 biztanletik gorako gainerako herrietan behera egin du intzidentzia tasak. 100eko langatik jaitsi da Orion (97,85), eta behera egiten jarraitzen du Zarautzen (158,48) eta Zumaian (244,23) ere.

Intzidentzia tasa, beheraka

Txostenak jasotzen dituen adierazle ia guztiek hobera egin dute Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, esaterako, beste hamalau puntu egin du behera azken orduetan, eta 312,81koa da egun.  Atzo, asteartea, 571 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian Osasun Sailak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.041 proba egin zituzten, eta guztira, 432 positibo hauteman zituzten. Positibotasun tasa %6,1ekoa da lurralde horietan, atzo baino apur bat handiagoa. Nafarroan, aldiz, 1.427 proba egin zituzten atzo, eta 139 positibo detektatu; positibotasun tasa bikoiztu egin da han atzotik, %4,8koa baitzen atzo, eta %9,7koa gaurko datuen arabera.

Ospitaleen egoeren berri ere eman dute bi osasun sailek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 48 gaixo ospitaleratu zituzten, eta egun 212 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan; ZIUetan, aldiz, 71 lagun daude. Nafarroan, ostera, lagun bat ospitaleratu zuten atzo, eta gaur 80 pertsona daude erietxean. 25 dira zainketa berezien unitatean dauden herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide