Oraindik ere eman daiteke izena AECCren ibilaldi osasungarrietan eta erretzeari uzteko saioetan

Anartz Izagirre 2021ko ira. 6a, 12:49

Irailaren 20an hasiko dira ibilaldi osasungarriak, eta astelehenero egingo dituzte txangoak, 10:00etatik 11:30era bitartean. Horrez gain, erretzeari uzten laguntzeko terapiak ere eskainiko ditu AECCk. Irailaren 10a izango da erretzeari uzteko saioetan izena emateko azken eguna.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC) Martxan izeneko ibilaldi osasungarriak egingo ditu Azpeitian hil honetatik aurrera. Elkarteak adierazi duenez, izen-ematea doakoa eta irekia izango da; hau da, horretarako ez da beharrezkoa izango AECCko bazkidea edo pazientea izatea. Irailaren 20an hasiko dira ibilaldiak, elkartearen Azpeitiko egoitzatik abiatuta (Enparan kalea, 6), eta astelehenero egingo dituzte txangoak, 10:00etatik 11:30era bitartean.

Astero-astero, herrian zehar bost kilometro inguruko ibilbidea egingo dute, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Jarduera honen helburua pertsonen artean bizimodu osasungarriak sustatzea da, minbizia bezalako gaixotasunak izateko arriskua murrizten lagun dezaten. AECCk nabarmendu duenez, halako ekintzek "malgutasuna eta sasoi fisikoa hobetzen" laguntzen dute.
 
Bestalde, irailean izango dira AECCren prebentzio arloak antolatutako erretzeari uzten laguntzeko taldeak ere. Ekintza hori tabakismoan aditua den psikologo batek gidatuko du, eta zortzi aste iraungo duen doako terapia izango da; %60ko arrakasta duela azpimarratu du elkarteak. Terapia presentziala zein online bidez jaso ahal izango da –Azpeitian ez dago presentziala egiteko aukerarik–, eta arreta ahalik eta gertukoena izan dadin, aldez aurretik elkarrizketa egingo zaie interesatuei, erretzeari uzteko modurik onena zein den baloratzeko. Honako lotura honetan kontsulta daitezke ordutegiak.
 

Bi ekintza horietan interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute honako lotura honetan agertzen diren datuak emanda –ibilaldietarako–, 943-13 32 36 telefonora deituta edota gipuzkoa@aecc.es helbide elektronikora mezu bat bidalita. Irailaren 10ean amaituko da erretzeari uzteko terapietan izena emateko epea.

Hitzarmena, ekainetik

AECC elkarteak egoitza du Azpeitian joan zen ekainetik. Izan ere, Nagore Alkorta alkateak eta Juan Ormazabal Gipuzkoako AECCren presidenteak hitzarmena sinatu zuten orduan. Azpeitiko Udalak Baigera I eraikineko hirugarren solairuko bulego bat utzi zion elkarteari, bere zerbitzuak han eskaini ditzan. Bi urterako hitzarmena sinatu zuten, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide