Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioa egingo dute aurten Dinamoa Sormen Gunean, eta irailaren 8an ziren klaseekin hastekoak; Kulturaz kooperatibak, ordea, urriaren 6ra atzeratu du ikastaroaren hasiera. Joan zen maiatzean eman zuten hirugarren edizioaren xehetasunen berri, eta bertan zehaztu zutenez, datorren urteko apirila bitartean, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan eta Ula Iruretagoiena izango dira Dinamoan eskolak ematen.
Asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara izango dira saioak. Kulturazek jakinarazi duenez, oraindik ere zabalik dago Hitzaren Eskolan izena emateko epea. Matrikularen prezioa 375 eurokoa da –250 eurokoa ikasleentzat, langabetuentzat eta erretiratuentzat–. Honako lotura honetan aurki daiteke saioen gaineko informazio guztia eta izen-emate orria.