Amurrioren kontra hutsean berdindu du Lagun Onakek

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 13a, 15:58

Bi jardunalditan bi puntu batu dituzte Ander Avellanedaren mutilek, eta sailkapeneko hamairugarren lekuan daude azpeitiarrak. Ligako hirugarren jardunaldiari dagokion partida asteazkenean jokatuko dute, Eibarren. Vitoria taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak, 19:30ean hasita.

Lagun Onak futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako bigarren neurketa jokatu zuen larunbat arratsaldean, Garmendipen, Amurrioren aurka. Partida orekatua jokatu zuten, intentsitate handikoa, baina gol aukera gutxikoa; eta sortutako horiek ez zituzten baliatu. Horrenbestez, markagailuak hutsean bukatu zuen bientzat, eta puntu banaren konformatu behar izan zuten. 

Lehen zatian, arabarrak izan ziren etxekoen areara gerturatzen aurrenak, baina ate aurrean arrisku handirik sortu gabe, eta azpeitiarrak ere antzera, aukera garbirik sortu ezinik. 25. minutuan etorri zen arratsaldeko lehen gol aukera garbia kanpotarrentzat. Dena dela, penalti puntura egindako erdiraketa  errematatzen ez zuen asmatu Arru Amurrioko jokalariak. Horrenbestez, markagailua hutsean zela iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, are indartsuago zelairatu ziren etxekoak, eta haiek izan ziren partidako unerik estuenak bisitarientzat. Lagun Onakeko mutillek 47. minutuan sortu zuten partidako gol aukerarik onena. Ekhik kornerretik erdiratutako baloia zetorkion bezala errematatu zuen Ibarbiak, baina gutxigatik, kanpora joan zen. Hurrengo minutuetan, lana gogotik egin zuten bi taldeek, baina bietako inor ez zen izan aurkariaren atea zulatzeko gai. Horrela, markagailua hutsean bukatu zuten norgehiagoka, eta puntu banarekin konformatu behar. 

Bi jardunalditan bi puntu batu ditu Ander Avellanedak zuzentzen duen taldeak, eta gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamairugarren postuan da. Ligako hirugarren jardunaldiari dagokion partida, berriz, asteazkenean jokatuko dute, Eibarren. Azpeitiarrek Vitoria taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak, 19:30ean hasiko den norgehiagokan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide