Iaz pandemiak baldintzatuta geldirik egon ostean, Baigera Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak gogoz ekin dio berriro ekintzak antolatzeari. Oraingoan Azpeititik Zestoara oinez joateko irteera antolatu dute Baigerako kideek, eta urriaren 2an egingo dute txangoa.
Egun horretan, 09:00etan elkartuko dira Azoka Plazaren atzeko aldean, eta handik irtengo dira Zestoara. Ibilbidea bidegorritik egingo dutela azaldu dute antolatzaileek. Behin Zestoara iritsita, hamaiketakoa egiteko tartea hartuko dute, eta jarraian itzuliko dira Azpeitira. Irteeran interesa dutenek izena eman beharko dute aurrez, Baigeraren bulegoan.