Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketa jokatu zuten igandean Ordiziako (Gipuzkoa) Barrena kultur etxean. Argi Berri elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatu zuen saioa, 30. aldiz. Hainbat bertsolarik parte hartu zuten lehiaketan, eta Urko Egaña azpeitiarrak hirugarren saria eskuratu zuen helduen mailan; hau da, 18 urtetik gorakoen artean. Maila horretan hemeretzi lan aurkeztu zituzten guztira, eta Egañak Barrutik kanpora bertso sortarekin eskuratu zuen hirugarren saria.
Barrutik kanpora
1.- Gure bihotz-taupaden erritmoa
da guk bizi dugunaren ordaina,
gu gara gure jarreren orbaina
ta ez da jarrera multzo irmoa.
Hausnarketa sakon ta intimoa
denoi komeni zaigu, alajaina!
Bat eginez burua ta mingaina
ea irteten den ahalegin sanoa.
Aholku batzuk ematera noa,
ematea gauz erreza da baina,
izan beharko da hau dena haina
aholkuak jasotzeko asmoa.
2.- Goiza gaua noiz iritsiko den zai
dagoela nor ez da konturatu?
Lo denak ere ez du nahi esnatu
ez duelako goizaren ezer nahi.
Etsaiak lagun ta lagunak etsai,
maitatzea nahi dena gorrotatu,
gorrotatzen gaituena maitatu
ta bizitzak bere horretan darrrai!
Ni ez naiz mundua aldatzeko gai
ta ez dadila inor deskuidatu!
Iragana ezingo dut aldatu,
baina zenbaiten etorkizuna bai!
3.- Maite dugu gurea dugun xenda,
ta besteenari begiratzean,
ez dabiltzalako gure antzean
al daude bide onetik irtenda?
Beti besteek badute zer senda
norberearekin konparatzean!
Gure egoen hegoak galtzean
ezingo ginake hegaz sostenga.
Ken dezagun begietako benda
behin gure zilborretik askatzean,
ikusteko modua aldatzean
ikusten dena ere aldatzen da.
4.- Erlijio, ideologi, diru,
kultur-enda edo sexu genero.
Zerbait sortzen da ia egunero
gauzkana iraganaren gatibu.
Akatsak pilatzen ari zaizkigu
ta hotza ere dago nahiko bero.
Behar denaz hitz-egiteak edo…
onura asko emango dizkigu.
Besteei entzuten ondo dakigu
zer erantzun izan genezan gero…
besteen hitzak ulertu ezkero
kontzientziak eskertuko digu!
5.- Gure amets ia denak eskura
dauzkagula nago oso seguru.
Ametsik gehienak gure helburu
bilakatu ohi dira segundura.
Gero hainbeste presio ta muga
ametsak beteko diren aiduru,
irrikak eragindako apuru
asko datozkigu sarri burura.
Sekula eduki ez dugun hura
eskuratzea nahi baldin badugu
gauz asko egin beharko ditugu
sekula egin gabeko modura.
6.- Sarri gabiltz hoberenen gerizan
ta pizten da inbidiaren sua!
Ezin bada hobea, berdintsua
izan nahian lehiakorrenen gisan.
Ondokoaren lorpenen peskizan
nolako amorrazio itsua!
Norberea ez den paradisua
nahita ere ezin baitugu jasan.
Hau ere jakin behar da bizitzan
gertatu baitaiteke pozoitsua:
Bekaiztia dena zoriontsua
aldi berean ezin dela izan.
7.- Nork ez du nahi helburuak lortzea
norberaren Curriculumerako?
Ta nork ez du nahi norberarentzako
koskarik-koska gora igotzea?
Aurreikuspen faltsuak sortzea
gertatzen da nornahiren kalterako.
Lehenbailen zerbait egin beharko,
beti ahalko da ta konpontzea,
ez baita ahal inor itotzea
ur sakonetan erori delako,
baina ez bada azkar aterako
kostako da hondoa ez jotzea.
8.- Gure ekintzetan koherentzia
falta dela da nik dudan ustea,
asko kostatzen zaigu bereiztea
aniztasunen independentzia.
Izan nahi dugunaren esentzia
gura baldin badugu sinestea
zilegi izango da amestea
bakeak behar duen presentzia.
Lortuko al dugu kontzientzia
garbi batez mundua ikustea?
Hauxe da ondorengoei uztea
amestu izan dudan herentzia!
(Doinua: Ausencia, 11A/11B-ra egokituta)