Imanol Rayo zinemagileak Loiolako Baselizan aurkeztuko du Loiolako Ignazioren konbertsioa jasotzen duen Iñigo filma, Loiolako Ignazioren konbertsioaren 500. urteurrenaren bueltako ospakizun egitarauaren barruan. Hilaren 27rako jarri dute estreinaldiko data. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aforoa mugatuta egongo da, eta dagoeneko ez dago lekurik.
Rayok Iñigo izena jarri dio filmari, eta elkarrizketa eza, argi naturala eta soinuaren birsorkuntza dira 85 minutuko lanaren ezaugarri nagusiak. Ohiko lantaldearekin egin du filma zuzendari iruindarrak, eta Xabier Godino da filmeko aktore bakarra.
Filmaren ezaugarriak
Iñigo filma "oso proiektu pertsonala" da Rayorentzat, nahiz eta hark ez zuen aurrez Jesusen Lagundiarekin loturarik izan proiektua prestatzen hasi zen arte. "Galderak egiteak artistari sortzen dion kezkatik abiatu zen lana, azken finean, arteak egin behar duena hori baita". Hori dela eta, zuzendariaren lana gaia begirada historikotik urrun jorratzea izan da. "Publikoak, beraz, ez du Loiolako Inazioren biopic bat aurkituko filmean, pertsonaiaren barne mugimenduaren erretratu bat baizik, erritmo lasai eta lasaian islatzen dena", azaldu du zuzendariak. Era berean, nabarmendu du zirkuitu komertzialetik "urrun" geratzen den filma dela.
Ez da Rayok Azpeitiarekin lotuta egin duen lehen filma izango Ignaziorena; izan ere, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil nobelan oinarritzen den Hil kanpaiak filma berak zuzendu zuen.