Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak aitortza egin diete 1936ko gerra garaian Azpeititik alde egiteko agindua jaso zuten zortzi emakumeri. Juana Agirre, Catalina Bereziartua, Maria Ezeiza, Casiana Etxaniz, Joxepa Etxeberria, Maria Etxeberria, Isabel Gomez eta Maria Orbegozo dira gogora ekarri dituzten emakumeen izenak. Zortzi emakume horiek Azpeititik bota zituzten 1936ko gerra garaian, Espainiako Errepublikaren kontra altxatutako tropek herria hartu eta gero. Haien historia gogoratuz, aitortza ekitaldia egin zuten atzo Basazabal jauregian, eta bertan izan ziren gogora ekarritako zortzi emakumeen senitartekoak. Haiek oroigarri bana jaso zuten udalaren eta Aranzadiren izenean.
Igandean, irailaren 19an, Francoren aldeko tropak Azpeitian sartu zirela 85 urte beteko dira, eta urteurren horren harira prestatu dute udalak eta Aranzadik atzo Basazabal jauregian egindako aitortza ekitaldia.
Atzoko hitzordua bi erakundeek memoria historikoa herritarren artean ezagutarazteko eta "gertatutakoaren inguruan egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko"egindako lanean fruitua dela adierazi du Javi Buces historialariak. Senitartekoek pozez hartu dute aitortza, emakume haien bizipenak gogora ekarriz.
Ekitaldiaren inguruko xehetasunak eta argazki bilduma, hemen.