Sarek elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako

Julene Frantzesena 2021ko ira. 17a, 15:13

Sareko kideek gaur Arrasaten egin dute agerraldia. (Goiena)

Izatez bihar Arrasaten egitekoak ziren manifestazioa bertan behera uztea erabaki du Sarek "konfrontazio espaziorik ez elikatzeko", eta herriz herri elkarretaratze deialdiak egin ditu biharko. Azpeitiko kontzentrazioa 12:00etan izango da plazan, bizi osorako zigorren aurka eta giza eskubideen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde.

Zigor luzeen eta salbuespen legediaren aurkako manifestazioa egitekoa zen Sare presoen eskubideen aldeko plataforma bihar, larunbatarekin, Arrasaten (Gipuzkoa), baina gaur goizean egin duen agerraldian jakitera eman duenez, plataformak martxa bertan behera uztea erabaki du, “konfrontazio espaziorik ez elikatzeko”.

Manifestaziorik ez du egingo, beraz, biharkoan Sarek, baina plazaz plaza elkarretaratzera deitu ditu, bizi osorako zigorren aurka eta giza eskubideen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde egiteko. Azpeitiko kontzentrazioa 12:00etan izango da plazan, Bizi osorako zigorrik ez! lelopean. Euskal presoei "salbuespen izaerarekin aplikatzen zaien legedia" publikoki salatzeko egingo dituzte biharko elkarretaratzeak.

Sareko bozeramaileek gaur goizean egindako agerraldian adierazi dutenez, biharko deituta zuten manifestazioaren harira "presio izendaezina" jasan dute Arrasaten euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek, eta martxa "kriminalizatu" nahi izan dutela ere salatu dute. Hori dela eta, ohartarazi dute ez dietela  "ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera joateko asmoa" zutenei "konfrontaziorako aukerarik” eman nahi. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide