Koronabirusa Azpeitian

Bost positibo zenbatu dituzte asteburuan Azpeitian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 20a, 13:10

Lau kasu baieztatu zituzten ostiralean, eta bat atzo. Intzidentzia tasak ostiraleko bera izaten jarraitzen du: 249,67.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, Azpeitian bost positibo zenbatu dituzte asteburuan –lau ostiralean eta bat atzo–, eta intzidentzia tasak ostiraleko bera izaten jarraitzen du: 249,67. Azpeitikoa da Urola Kostako herrien artean intzidentzia tasarik altuena.

Eskualdeko herrietan, hamasei koronabirus kasu atzeman dituzte denera azken hiru egunetan. Aurreko asteburuan 22 kasu atzeman zituzten, beraz, nabarmen egin du behera kasu berrien kopuruak. Positibo gehien Zarautzen atzeman dute: sei –bat ostiralean, bi larunbatean eta hiru atzo–. Apur bat igo da herri horretako intzidentzia tasa, 132,78tik 141,35era. Zumaian, berriz, hiru kasu atzeman dituzte asteburuan –bat ostiralean eta bi atzo–, eta intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du: 111,94an. Gainontzeko kasu positiboak Aian –ostiralean bat– eta Zestoan –ostiralean bat– hauteman dituzte.

Positibotasun tasa %2ren azpitik

Nabarmen jaitsi da Hego Euskal Herriko positibotasun tasa azken datuen arabera. Osasun Sailak eta Osasunbideak jakitera eman dutenez, 4.882 proba egin ziren atzo, eta horietatik 79k eman zuten positibo. Hori horrela, %1,7koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,3koa Nafarroan.

Ospitaleetako datuak ez dira horren onak, ordea. ZIUen okupazioak gora egin du larunbataz geroztik, eta gaur-gaurkoz, 52 dira COVID-19aren ondorioz zainketa bereziak behar dituzten pertsonak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ospitaleratuta daudenak, berriz, 124 dira denera. Nafarroan, 48 pertsona daude koronabirusak eragindako gaixotasunengatik ospitaleratuta, eta ZIUetan, berriz, hamabi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide