Koronabirusa Azpeitian

Kasu positibo bat baieztatu du Osasun Sailak herrian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 23a, 13:00

Herriko intzidentzia tasa atzoko zenbateko berean mantendu da. Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 100eko langara hurbildu da. Urola Kosta eskualdean hiru kasu positibo zenbatu dituzte, azken hilabeteetako daturik baxuena da hori.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi emandako datuen arabera, atzo, asteazkena, kasu positibo bat atzeman zuten Azpeitian. Azken hamalau egunetako 100.000 egunetako intzidentzia tasak, berriz, behera egin du azken orduetan. Herriak eremu horian jarraitzen du 223,39ko kasu metatuen tasarekin. Azpeitiak du egun 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena.

Eskualdean ere kasu positiboek behera egin zuten atzo; izan ere, hiru kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Urola Kostan. Azpeitiko kasu positiboaz gain, bi kasu hauteman dituzte Zarautzen. Halere, han ere behera egin du intzidentzia tasak. 119,93ko intzidentzia tasa dute Zarautzen –124,21ekoa zen atzo–.

Urola Kostako intzidentzia tasarik altuena, ordea, Aiak du egun 957,18ko tasarekin. Aldiz, Azpeitian eta Zarautzen bezala, jaitsi egin da intzidentzia tasa Orion eta Zumaian ere. Orion 114,16tik 97,85era egin du behera, eta Zumaian 111,94tik 81,41era. Azkoitian eta Zestoan, berriz, tasa bere horretan mantendu da, 183,59ko eta 128,40ko tasekin, hurrenez hurren. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, ostera, hutsean dute intzidentzia tasa.

104 lagun ospitalean

Hego Euskal Herrian nabarmen ari da egiten hobera pandemia azken egunetan. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak pandemia amaitutzat eman zuen atzo lurraldean; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, beste bost puntu egin du behera, 104,06an kokatuz. Azken hiru lurralde horietan atzo, asteazkena, 120 kasu positibo atzeman zituzten. 23 positibo zenbatu zituzten Araban, 66 Bizkaian, 24 Gipuzkoan eta zazpi lurralde horietatik kanpo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6,827 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta hori horrela, %1,8ekoa da positibotasun tasa. Nafarroan, berriz, hemezortzi kasu detektatu zituzten 1.603 proba egin ostean, eta %1,1ekoa da positibotasun tasa.

Ospitaleetan egoera gero eta hobea da. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 104 lagun daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz –atzo 28 lagun ospitaleratu zituzten–. Ospitaleratzeen inguruan gaur eman duen datua, gainera, irailaren 9az geroztik Osasun Sailak eman duen baxuena da. Halaber, ZIUetako okupazioa mantso, baina beherentzat doa. Egun 49 lagun daude larri gaixorik zaintza berezietan. Osasunbideak emandako datuen arabera, aldiz, 44 lagun daude Nafarroan erietxeetan eta hamahiru herritar ZIUn.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide