Koronabirusa Azpeitian

Positiborik ez Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 24a, 13:06

Behera egin du intzidentzia tasak herrian: 223,39tik 203,68ra jaitsi da. Urola Kostako herrietan, zazpi kasu baieztatu dituzte guztira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, azken orduetan ez dute positiborik atzeman Azpeitian. Horrela, behera egin du intzidentzia tasak herrian: 223,39tik 203,68ra jaitsi da. Hala ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean tasa altuena duen herria da Azpeitia.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, zazpi kasu baieztatu dituzte, duela astebete baino lau gutxiago. Aian hiru kasu zenbatu dituzte, Azkoitian bi eta bana Zarautzen eta Zumaian. Azken datuekin, Aian 957,18tik 1108,31ra igo da intzidentzia tasa, eta atzo bezala, tasarik altuena duen eskualdeko udalerria da gaur egun. Azkoitian ere gora egin du kasu metatuen tasak, 183,59tik 200,28ra. Urola Kostako udalerri gehienetan, dena den, ez da aldaketarik izan intzidentzia tasari dagokionez: 97,85ean mantendu da Orion, 119,93an Zarautzen, 81,41ean Zumaian eta hutsean Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian.

Asteburuaren atarian, eremu horian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako Urola Kostako udalerri guztiek; alegia, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak.

Positibotasun tasa, %2tik behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 133 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, ostegunean, egindako PCR eta antigeno probetan. Hain justu, 50 emaitza positibo izan ziren Bizkaian, 42 Gipuzkoan, 23 Nafarroan, hamasei Araban eta bi lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa antzeko mantendu da, baina zertxobait gora egin du; %1,8tik %1,9ra igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,1etik %1,4ra Nafarroan.

Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan ere gero eta egonkorragoa da egoera. Atzo COVID-19ak jotako 104 lagun zeuden ospitaleratuta, eta atzoko 24 ospitaleratze berrien ostean, berdina da azkeneko kopurua: une honetan ere 104 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta. 46 dira ZIUetan daudenak, bezperan baino hiru gutxiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide