Asteburu borobila izan da Lagun Onakentzat

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 26a, 21:56

Gizonezkoen lehen taldeak denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen zapatu arratsaldean, Garmendipen, Deustori irabazita. Emakumeek ere hiru puntuak bereganatu dituzte gaur arratsaldean, Urnietaren kontra erakustaldia emanda.

Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailako ligako bosgarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuen atzo arratsaldean Garmendipen. Ander Avellanedak zuzentzen dituen mutilek Deusto taldea izan zuten aurrez aurre. Azpeitiarrek ez zuten beren jokurik onena erakutsi eta sufritzea ere egokitu zitzaien, baina horrek guztiak berdin dio, partida irabaztea lortu baitzuten. 

Lehendabiziko zatia nahiko parekatua izan zen. Bi taldeek sortu zituzten aukerak, baina bietako inork ez zuen asmatu aurkariaren atearen aurrean. Azpeitiarrek sendotasuna erakutsi zuten atzeko lerroetan, baina, oro har, kanpotarrek itxura hobea eman zuten. 

Bigarren zatian, ostera, Deustokoei nekezagoa egin zitzaien Lagun Onaken atera hurbiltzea, eta etxekoei erraztasun handiagoa nabari zitzaien. Gola, berriz, geldikako jaurtiketa baten ondotik egin zuten. Ekhi Gonzalezek bikain atera zuen aurkariaren arearen albo batean egindako falta, eta Sergio Barquerok ukitu ostean, kontrarioen sareetan bukatu zuen baloiak. 

Horrela bada, markagailuan 1 eta 0 zirela iritsi ziren partidaren bukaerara; beraz, atea hutsean, hiru puntuak etxekoentzat, eta jokalariak zein Garmendipera bertaratutako zaleak pozak txoratzen. Izan ere, denboraldiko lehendabiziko garaipena izan zen atzokoa. 

Bost partida jokatuta, bost puntu dituzte azpeitiarrek, eta gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamahirugarren postuan daude. Datorren asteburuan Santutxuren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Igandean izango da partida, kanpoan.  

Erabateko nagusitasunez

Nesken lehen taldeak, berriz, Urnieta hartu du etxean gaur arratsaldean, Ohorezko Erregional mailako ligako bigarren jardunaldian. Partida, hasieratik bukaerara, mendean izan dute etxekoak, eta horren erakusgarri, ordulaurdena pasatzerako sartu dutela aurreneko gola. Maite izan da golegilea. 

Azpeitiarrek lanean jarraitu dute eta aurki sortu dute beste aukera bat, nahiz eta oraingoan Izarok ez duen sareetara bidaltzen asmatu. 34. minutuan, ordea, bai; Larraitzek kornerretik erdiratu du, baloiak Urnietako atzelari baten hankan jo du eta barrura. Horrela, Unai Urbizuk zuzentzen duen taldea bi goleko errentarekin iritsi da atsedenaldira, eroso, markagailuak erakusten zuen aldea zelaian ere antzeman egiten dela jakiteak ematen duen ziurtasunarekin.

Bigarren zatiari, lehenengoan jardundakoaren bidetik ekin diote, aukerak sortzeko erraztasunarekin, eta 79. minutuan egin dute hirugarren gola etxekoek. Ez da izan jokaldi ikusgarri baten ondorio, Lagun Onakeko jokalarien bizitasunaren emaitza baizik. Falta bat pausorik eskatu gabe jaurti du Eguzkiñek, aurkariak ustekabean harrapatuz, eta baloia urnietarren atera joan da zuzen-zuzenean. 

Handik hamar minutura, falta jaurtiketa batean, Eguzkiñek berak sareratu du baloia berriz ere, etxekoentzat laugarrena eginez. Minutu bat beranduago, bosgarrena egiteko puntu-puntuan izan da Maria, baina urnietarren atezainak geldiketa bikain batekin saihestu du hori.

Horrenbestez, partidaren bukaeran markagailua 4 eta 0 zen etxekoen alde, eta hiru puntuak Azpeitian gelditu dira. Bi partida jokatuta, lau puntu dituzte Urbizuren aginduetara jarduten diren neskek, eta sailkapeneko bosgarren lekuan dira. Datorren asteburuan, Lasarten dute hitzordua, Ostadar taldearen aurka lehiatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide