Koronabirusa Azpeitian

Azken hiru egunotan bi positibo atzeman dituzte herrian

Anartz Izagirre 2021ko ira. 27a, 13:40

Ostiralaz geroztik bi kasu baieztatu dituzte Azpeitian, eta zertxobait jaitsi egin da intzidentzia tasa. Eskualdean, berriz, hamalau kasu izan dira orotara. Kasurik gehien Zarautzen baieztatu dituzte: sei. Hego Euskal Herrian, guztira, 92 izan ziren atzo emaitza positiboa izan zuten PCR eta antigeno probak; bestalde, ospitaleratzeek nabarmen egin dute behera astebetean.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben herriz herriko datuak, eta, horien arabera, asteburu guztian bi positibo atzeman dituzte Azpeitian. Ondorioz, jaitsi egin da intzidentzia tasa, eta gaur-gaurkoz, 177,40koa da.

Urola Kostan, berriz, guztira hamalau izan dira ostiralaz geroztik baieztatutako kasu positiboak —duela astebete hamasei ziren—. Kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte: sei. Zertxobait gora egin du hango 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak, eta 128,50ean kokatu da; hala eta guztiz, eremu horian jarraitzen du Urola Kostako herririk handienak. Bestalde, Aian hiru kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak apur bat behera egin badu ere, Gipuzkoako tasarik altuenetarikoa dute han oraindik: 1.007,56. Zestoan bi kasu izan dira azken hiru egunetan, eta 154,08 da herri horretako tasa, ostiralean baino zestoan altuagoa. Horrez gain, Getarian kasu bat zenbatu zuten ostiralean, eta 35,34 da hango tasa.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman azken hiru egunetan, eta honakoak dira herri horietako tasak: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen hutsa, Azkoitian 166,90ekoa, Orion 81,54koa eta Zumaian 71,23koa. Beraz, Urola Kostako 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu horian jarraitzen dute, eta horietako batzuek gertu dute eremu berdea.

Ospitaleetan eri gutxiago

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo, guztira, 5.009 PCR eta antigeno proba egin ziren lau lurraldeetan, eta horietatik 82 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zituzten kasu gehien (43), eta, ondoren, Gipuzkoan (18), Nafarroan (17) eta Araban (11). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko hiru pertsonak ere positibo eman zuten proban. Positibotasun tasa, berriz, %1,8 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %2,1 Nafarroan.

Ospitaleetan, berriz, nabarmen hobetu da egoera joan zen astetik. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan 124 gaixo daude gaur-gaurkoz, eta horietatik 41 ZIUetan daude. Nafarroan, berriz, 38 gaixo daude ospitaleratuta, eta hamahiru dira horietatik ZIUetan daudenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide