Jexux Zelaiak hirugarren bukatu du Igoera Bertikalen Espainiako Kopa, 50 urtetik gorakoetan

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 28a, 11:25

Igoera Bertikalen Espainiako Koparen podiuma joan den igandean Canfranc-en, Zelaia hirugarren postuan dela. (Utzitakoa)

Canfranc-en jokatu zen igandean kopako azken lasterketa eta korrikalari azpeitiarrak bigarren postua eskuratu zuen bertan.

Jexux Zelaia azpeitiarra hirugarren postuan bukatu du Igoera Bertikalen Espainiako Kopa, 50 urtetik gorako kirolarien mailan. Horrenbestez, bere buruari aurten ezarritako "helburu nagusia lortu" du Zelaiak.

Canfranc-en (Huesca, Aragoi, Espainia) bukatu zen igandean aurtengo Kopa, El Porte tontorrerako (2.440 metro) igoerarekin. Azpeitiarrak 55 minutu eta 24 segundo behar izan zituen Ibilbideko 3,8 kilometroak eta 1.110 metroko igoera metatua osatzeko, eta bigarren tokian sailkatu zen bere adin tartekoen artean, Angel Gonzalezen atzetik. Azken proban batutako puntuei esker, koparen behin betiko sailkapen nagusiaren podiumean sartzea lortu zuen Zelaiak. Gainera, duela bi urte lasterketa berean egin zuen marka zazpi segundotan ondu zuen herenegun. "Gustura egoteko moduko denbora, dauzkadan urteak kontuan hartuta", dio azpeitiarrak.

Zelaia El Porte igotzen, igandeko lasterketan. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide