Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan bi positibo atzeman dituzte herrian

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 28a, 14:13

Gorabehera handirik ez du izan Azpeitiko intzidentzia tasak. Urola Kostan denera sei kasu baieztatu dituzte azken orduetan, eta 125 izan dira Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta horren arabera, azken orduetan bi positibo hauteman dituzte Azpeitian. Intzidentzia tasak zertxobait behera egin du: 177,40koa zen atzo eta 170,83koa da gaur.

Urola Kostan, berriz, sei positibo izan dira guztira. Azpeitikoez gain, bina kasu baieztatu dituzte Aian eta Zarautzen. Aiako intzidentzia tasa 654,91koa da, eta 124,21koa da Zarauzkoa. Azpeitia eta Zarautz, biak daude eremu horian. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positiborik izan, eta horrela daude udalerrietako intzidentzia tasak: Aizarnazabal —0—, Azkoitia —141,87 tasarekin eremu horian—, Beizama —0—, Errezil —0—, Getaria —35,34—, Orio —81,54 tasarekin eremu horian—, Zestoa —154,08— eta Zumaia —61,06 tasarekin eremu horian—.

125 positibo Hegoaldean

Hego Euskal Herrian 8.968 proba egin zituzten atzo, eta 125en emaitza positiboa izan da. Araban 9 kasu positibo detektatu dituzte, Bizkaian 53, Gipuzkoan 36, Nafarroan 25 eta lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean beste bi.

Ospitaleen egoerari dagokionez, hobera egiten jarraitzen du apurka. Koronabirusak jotako 15 lagun eraman zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetara, eta denera 85 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 39 ZIUetan. Nafarroan, aldiz, 38 lagun daude ospitaleratuta COVID-19aren ondorioz, horietatik 11 ZIUetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide