Esteban Campos hil da

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 30a, 20:33

Herrian gizon ezaguna zen, besteak beste, 24 urtez Institutuko eta Urola Ikastolako ateazaina izan zelako eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren bueltan ere makina bat lan egin zuelako. Haren aldeko hileta elizkizuna etzi, zapatua, 18:30ean izango da, Azpeitiko parrokian.

Esteban Campos hil da. Gizon ezaguna zen herrian, ia mende laurdenez Institutuko eta Urola Ikastolako atezaina izan zelako eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren bueltan ere urte luzez lanean aritu izan zelako. Gaur, osteguna, hil da, 78 urte zituela.  

Camposek 24 urte pasatu zituen atezain karguan, aurrena Institutuan eta gero Urola Ikastolan. 65 urte beteta, 2008an hartu zuen erretiroa, eta hori aitzakia hartuta, Uztarriak elkarrizketa egin zion urte hartako ekainerako aldizkarirako.

Bost urte beranduago, 2013ko abenduaren 13an hain zuzen, Mikel Ibartzabal, Joxemari Aranbarri eta hirurak omendu zituen Lagun Onak Mendi Bazkunak. Urteetan elkartean egindako lana aitortu eta eskertu nahi izan zieten ekitaldi harekin.

Gaur ere, heriotzaren berri jakin bezain pronto, sare sozialetan dolumin mezua argitaratu du mendizale elkarteak. "Lagun Onak Mendi Bazkunaren ibilbidean oso garrantzitsua izan den pertsona batek utzi gaitu. Tabernan, sukaldari lanetan edo beharrezko zen edozertan, beti laguntzeko prest, beti borondate onarekin. Lagun Onak Mendi Bazkuna osatzen dugun guztion izenean, eskerrik asko bihotz-bihotzez elkartearen alde egindako denagatik, eta besarkada estu bat familia eta gertukoei. Faltan botako zaitugu Kanpox".

Esteba Camposen aldeko hileta elizkizuna etzi, zapatua, Azpeitiko parrokian izango da, 18:30ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide