Koronabirusa Azpeitian

Hiru kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 1a, 13:41

Urola Kosta eskualdeko kasu positiboak Azpeitian zenbatu dituzte; halere, intzidentzia tasak behera egin du herrian. Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, aldiz, bi puntu eskas egin du behera, eta eremu berdera igarotzetik hamar puntura geratu dira hiru lurraldeak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo, osteguna, Azpeitian hiru kasu positibo zenbatu zituzten. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, ordea, behera egin du. 177,40koa zen atzo zenbatekoa, eta gaur 170,83koa da. 

Urola Kosta eskualdean atzemandako kasu positibo bakarrak izan dira Azpeitikoak, gainerako herrietan ez baitute kasu bakar bat ere atzeman. Hori horrela, intzidentzia tasek behera egin dute edo herenegungo zenbateko berean mantendu dira. Hala, modu honetan daude gaur-gaurkoz eskualdeko herrien intzidentzia tasak: Aian, 503,78; Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero; Azkoitia, 83,45; Getarian, 35,34; Orion 32,62 –eremu berdean–; Zarautzen, 85,66 –eremu horian–; Zestoan, 102,72; eta Zumaian, 61,06 –eremu horian–.

ZIUak, egonkor

Pandemia nabarmen ari da moteltzen, eta horren adibide da, atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 50 kasu positibo baino gutxiago zenbatu izana. Guztira, 137 kasu positibo baieztatu zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak; hamar Araban, 50 Bizkaian, 43 Gipuzkoan eta 32 Nafarroan. Halere, lau lurralde horietatik kanpo bizi diren bi lagunek ere eman zuten positibo. Hegoaldean 6.889 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta %1,9koa izan zen positibotasun tasa; hau da, proba egin zuten ehun lagunetatik ia bik eman zuten positibo.

Ospitaleetan ere ZIUn dauden gaixoen kopurua bere horretan mantendu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; egun, 37 lagun daude larri gaixorik. Osakidetzaren mendeko erietxeetan atzo 27 herritar ospitaleratu zituzten, eta gaur 95 dira ospitaleratuta daudenak. Nafarroan, aldiz, 35 lagun daude ospitaleratuta, eta zortzi ZIUn. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 70,83an kokatu da gaur, eremu horitik berdera igarotzetik hamar puntura.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide