San Martin egoitzako egoiliarrak ilusioz eta gogotsu itzuli dira terapia musikaleko saioetara

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 4a, 14:01

Hilabete luzez ekintzak egin gabe egon ostean, San Martinekoak hasi dira "pixkanaka" jarduera batzuk berreskuratzen, eta horietako bat da terapia musikala. Aurrerantzean, astelehenero joango dira musika eskolara, Gurutze Gorriko kideen laguntzarekin. 

Pandemia tarteko, bertan behara utzi zituzten San Martin egoitzako egoiliarrei zuzendutako askotariko jarduerak. Orain, hilabete luzez ekintza horiek egin gabe egon ostean, "pixkanaka" horietako batzuk berreskuratzeari ekin diote. Gaur, esaterako, San Martin egoitzako egoiliar talde bat musika terapiako saioetan hasi da. Egoitzako arduradunek azaldu dutenez, egoiliarrak "ilusioz" hasi dira parte hartzen musika terapia saioetan. Duela lau urte jarri zuten martxa egitasmoa, egoiliarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Orain, Gurutze Gorriko kideen laguntzarekin, astelehenero musika eskolara joango dira. "Badira egoiliar batzuk beteranoak direnak; badaude berriak direnak ere. A zer emozioa eta poza musika eskolara itzuli direnean. Eskerrik asko egitasmoan parte hartzen duten guztiei!", adierazi dute San Martinekoek. 

(Argazkiak: San Martin egoitza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide