Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, atzo Azpeitian kasu positibo bat zenbatu zuen Osasun Sailak. Hori horrela, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du berriz ere apur bat herrian; izan ere, 157,69koa da gaur zenbatekoa, atzo 151,12koa zenean.
Urola Kosta eskualdean, berriz, beste bost positibo zenbatu zituzten atzo: bina Aian eta Zarautzen, eta bat Azkoitian. Atzoko positibo bakan horien eraginez, igo egin da apur bat Zarauzko intzidentzia tasa ere; 77,10ekoa da orain han. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute positibo berririk zenbatu, eta beherantz jarraitzen dute intzidentzia tasek. Azkoitikoa eremu berdetik oso hurbil kokatu da: 66,76 da herri horretako tasa. Orio eta Zumaia eremu berdean dira iragan asteburutik, eta atzoko datuekin are gehiago jaitsi dira herri horietako intzidentzia tasak: 16,31ra eta 20,35era, hurrenez hurren.
ZIUen okupzioak behera
Atzo, 104 kasu positibo zenbatu zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, igandean baino hogei gehiago. Guztira, 7.106 proba egin zituzten, eta horietan 104 herritarrek eman zuten positibo. Datuak horiek izanik, %1,5ekoa da positibotsun tasa Hego Euskal Herrian. Hamar kasu atzeman zituzten Araban, 35 Bizkaian, 44 Gipuzkoan, eta hiru kasu lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean. Nafarroan, aldiz, hamabi kasu positibo detektatu zituzten atzo.
Ospitaleen egoerari erreparatuta, hobera egin du egoerak Osakidetzaren ardurapeko ZIUetan. Izan ere, 34 gaixok behar dituzte zainketa bereziak COVID-19aren ondorioz, herenegun baino bost gutxiagok. Ospitaleratze berrien eta ospitaleratuta daudenen inguruko daturik, berriz, ez dute eman. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 62,05koa da, atzo baino apur bat baxuagoa, beraz, adierazle horrek ere hobera egin du. Eremu berdera igarotzear dira hiru lurralde horiek.
Nabarmena da datuek hobera egin dutela azken asteetan. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak aurreko ostiralaz geroztik bertan behera laga ditu neurri murriztaileak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Labi batzordeak gaur du pandemiaren kudeaketaren inguruko azken neurriak hartzeko bilera, eta arratsaldean emango du horien berri.