Aspe eta Baiko eskuzko pilota enpresek atzo, asteartea, aurkeztu zuten 2021. urteko promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketa. Guztira, zortzi pilotarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan, eta azpeitiarrak izango dira horietako bi: Jon Alberdi eta Julen Egiguren Egiguren V.a.
Bi pilotari azpeitiarrek aste honetan bertan ekingo diote txapelketari. Final laurdenetako ligaxkarekin hasiko dute lehia zortzi pilotariek, baina lau onenek lortuko dute soilik finalerdietara sailkatzea. Egiguren V.a izango da txapelketa hasten lehena; izan ere, Aspe enpresako aurrelariak Zubizarreta III.aren aurka jokatuko du ostiralean, Iurretako (Bizkaia) Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Alberdik, berriz, larunbatean jokatuko du Balmasedako (Bizkaia) udal pilotalekuan, eta Bakaikoa izango du aurrean.
Egigurenekin batera, Dariok, Zabalak eta Salaverrik ordezkatuko dute Aspe. Bestalde, Alberdirekin batera, Baiko ordezkatuko dute Zubizarretak, Bakaikoak eta Larrazabalek. Finalerdiak urriaren 31n jokatuko dituzte, eta finala, atsedenik hartu gabe, azaroaren 6an jokatuko dute txapelketako bi pilotari onenek. Iaz, Egiguren finalera iritsi zen, nahiz eta txapela Elordik jantzi zuen.